Egunotan egingo da enplegu teknikari postuaren deialdia

Leire Kortabarria 2010ko api. 15a, 17:07
Egunotan da ateratzekoa INEMen webgunean Udaleko enplegu teknikaria topatzeko deialdia. Aldi baterako lanpostua izango da, urtebete ingururako, eta ezinbestekoa izango da Udalak martxoan onartu zuen enplegu plana koordinatzeko eta aurrera eramateko.

Deialdia www.redtrabaja.es webgunean egingo da, eta izena emateko modu bakarra webgune horren bitartez da ere, ez udaletxean ez eta telefonoz deituta edo e-mailez mezurik bidalita.

Enplegu plan horren bidez, besteak beste, 35 bat aretxabaletar Udalaren inguruko lanak egiteko kontratatuko lirateke. Planak INEMen eta Debagoieneko Mankomunitatearen babesa dauka. Plana prestatu duen Arritxu Oliden (EAJ) zinegotziaren esanetan, "tokiko enplegu eta garapen eragilea izango da. Deialdia astebete inguru izango da INEM-en webgunean". Postu horretarako zein planaren bidez beteko diren beste guztietarako, ezinbesteko baldintzak bi izango dira: Aretxabaletakoa eta langabea izatea.

35 kontratazio zuzen

Enplegu planak hiru ardatz ditu, eta horietako bat da, hain zuzen ere, kontratazioa. Izan ere, iazko urtarrilean 184 langabe zeuden Aretxabaletan, eta aurten, 363, %10eko langabezia tasa. Hala, enplegu planaren bidez, "helburua da langabeen %10 kontratatzea", dio Olidenek. Gaineratzen duenez, "aldi baterako kontratuak izango dira, batzuk egun erdirako eta beste batzuk egun osorako. Batzuk mantenu lanak egiteko postuak izango dira, baina baita kualifikazio handiagoko postuak ere: adibidez, merkataritza sustatzeko bat; Gizarte Zerbitzuen inguruan beste bat…" Zuzeneko kontratazioa izango da.

Bigarren ardatz bat formazioa izango da: langabeendako ikastaroak, Mankomunitatearekin elkarlanean. "Hemen ere, baldintza nagusia izango da langabea izatea. Beharbada, beste baldintza batzuk ere ezarriko dira. Dena dela, helburua izango da pertsona horiei lanerako sarrera erraztea. Kontuan hartuko da daukaten ikasketa maila eta lan-merkatuak eskatzen duena. Ikastetxeekin batera egingo dugu: Aretxabaleta Institutuarekin eta  Aretxabaletako Arizmendi ikastolarekin", azaltzen du Arritxu Olidenek.
Hirugarren ardatza ekintzaile izaeraren ingurukoa izango da: "Enpresa-ekimenak irteten badira, jende hori prestatzeko jardunaldiak egongo dira: enpresa mundua, enpresaren kudeaketa eta beste arlo batzuk ezagutarazteko; hau da, ideiak sortzen badira, erraztasunak emateko", esaten du udal arduradunak.

Orain, bere hitzetan, "falta da teknikaria lanean jartzea"; eta hori, dena ondo bidean, hemendik bi astera izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak