EAEko zinegotziek argi daukate Udalean egon behar dutela

Mirari Altube Arrese 2007ko ekainaren 7a

Hilaren 16an osatuko dituzte datozen lau urteotarako udalbatzak, eta alderdiek elkarrizketarako garaia dute, adostasunak lortzeko. Hala, legez kanpo dagoen Eusko Abertzale Ekintzak Udalean egon gura duela lanean adierazi die herritarrei.

Irtenbideak bilatzeko gertu


Alderdien Legeak legez kanpo utzi zuen EAE; hala ere, 849 boto jaso zituen maiatzaren 27an, eta garaile atera zen lau zinegotzi lortuta. Badakite Udalean sartzea ez dela samurra izango: "Bizi dugun egoera antidemokratiko honetan guri dagokigun bezala lan egiteko oztopoak ditugu", adierazi zuten martitzenean. Hala ere, zailtasun horiei irtenbideak bilatzeko gertu daude, "argi dugulako Eusko Abertzale Ekintzako lau zinegotziok Udalean egon behar dugula". Eta diote oso ezberdina dela Espainiako legediarentzat legala dena eta herriarentzat legitimoa dena.

Eskuratutako lau zinegotziak Aralar, EA, EAJ eta Ezker Batua/Zutik taldeen artean banatu ditu Alderdien Legeak. Aipatutako taldeok "ilegalizazioaren aurka daudela esaten dute behin eta berriz", diote Eusko Abertzale Ekintzako zinegotziek; hori horrela, deialdia egin gura diete hitzez esan dutenaren aurrean urratsak emateko: "Hau da, lege antidemokratikoen gainetik, aretxabaletarron hitza errespetatzeko".
Horregatik, biharko deialdia egin diete herritarrei; hain zuzen ere, Apartheidik ez, herriaren hitza errespetatu lelopean kale agerraldia egingo dute Herriko Plaza azpian, 18:30ean.

Aralarren proposamena

Aralar alderdia, berriz, hainbat alderdirekin elkarrizketatu da. Hala, EAE eta EArekin egon ondoren, eta herrian dagoen jakin-mina ikusita, agiria banatu du etxe guztietara. Bertan, Udal gobernua osatzeko duen proposamena jaso du.

Aralarrek onartzen du Eusko Abertzale Ekintzak jaso dituela boto legitimo gehien Aretxabaletan, eta ondorioz ez du hartuko laugarren zinegotzia, aurreko agintaldian bezala. Gainera, adierazi du 849 herritarren ordezkaria alkate izatea begi onez ikusten duela horretarako adostasuna lortuz gero. Aralarren iritziz herritar guztiek izan behar dute ordezkaritza Udalean datozen lau urteotan, eta gertu dago horren alde bideak zabaldu eta lan egiteko.

Elkarbizitzarako deia

Aralarrek azaldu du "herrian elkarbizitza-aro berri bati ekin gura diogulako" egin duela proposamena. Eta baldintza bat jarri dietela guztiei: elkarbizitza errespetatzea eta errespeta dadin lan egiteko konpromiso zintzoa.

Eskainitakoa ez badute onartzen gainerako alderdiek, beste bide batzuk aztertuko dituztela adierazi dute Aralarko kideek. Eta hau gaineratu dute: "Lehenengo helburua ez da izango alkatea gurea izatea, aretxabaletarron elkarbizitzarako eta herriaren garapenerako onena den akordio eta elkarlana lortzea baizik". Baina, hori bai, argi dute oposiziotik edo alkatetzatik Aretxabaletaren alde lan egingo dutela.

Eusko Alkartasunaren jarrera

Eusko Alkartasunak ere alderdiaren jarrera azaldu gura die herritarrei. EAren ustez, "edozein akordio politiko baldintzatuta egon behar da partaideek printzipio demokratikoetara aldez aurretik erakusten duten atxikimenduagatik". Hala nola: edozein motatako biolentziaren aurkako jarrerekin bat egitea; hauteskundeetan izandako emaitzek islatzen duten borondatea onartzea; eta esparru politikoan ere erantzukizun sozialaz jardutea.

EAk eskatu zion Aralarri irizpideok luzatzeko EAEko kideei, horiek ere bat egin zezaten. Hala gertatuz gero, Eusko Alkartasunak bere gain hartuko lituzke: hirugarren zinegotziari uko egitea; eta EAE, Aralar eta EAn sostengatutako Udal gobernuarekin konpromisoa, beste laugarren talde bati zabalduaz Aldundi eta Jaurlaritzarekiko harremanetan behar bezalako eraginkortasuna bermatzeko.

Egoera aldaketa

Su-etenaren hausturaren iragarpenak, baina, egoera aldatu egin du. Aurrez aipatutako irizpideen atxikimendua exijitzea inoiz baino beharrezkoagoa dela dio EAk, eta "ezinezkoa zaigu EAEri atea zabalik mantentzea baldin eta ETAk euskal politikagintzaren jardun librea baldintzatzeko asmoaren aurrean euren jarrera argitzen ez duten bitartean".

Ondorioz hona EAkoen jarrera berria: Aralarri eskatzen diote elkarbizitza eta politikagintza gidatu behar dituzten printzipio demokratikoei erantzukizun sozialez eta irmotasunez hel diezaiela; eta EAEri eskatzen diote –koalizio gobernu bat osatzeko edozein elkarrizketari ekin aurretik–, argitu dezala bere ekarpena gidatuko duten printzipioak eta jarrera zeintzuk diren elkarbizitza baketsu eta demokratiko bat lortzeko.

Printzipio horiei atxikimendua adieraziz gero EAren babes irmo eta leiala izango dutela adierazi dute. Eta batzuekin edo besteekin "Aretxabaleta biziberritzea" beste asmorik ez dutela, "gure eskuan dagoen neurrian elkarbizitzarako bidezko giroa sortuz, demokrazia partehartzaile eta edozein eratako biolentziarik gabeko marko berri batean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak