Domekan inauguratuko dute futbol zelaia

Mirari Altube Arrese 2007ko ira. 14a, 12:08
Ekitaldian Joseba Gonzalez jokalari izandakoari omenaldia eskainiko diote, eta ohorezko sakea Bixente Etxeandiak egingo du. 16:20an da ekitaldia.

Bukatu dituzte Ibarra futbol zelaiko lanak eta etxean jokatuko duen denboraldiko lehen partidua aprobetxatuko du Aretxabaleta Kirol Elkarteak inauguratze ekitaldia egiteko. 16:20an, Udaleko ordezkariak eta kirol elkartekoak elkartuko dira, eta aurreskua dantzatu ostean agurra egingo diete bertaratutakoei. Jokalari izandako Joseba Gonzalezi omenalditxoa eskainiko diote gero. Iaz utzi zuen preferente mailan jokatzen duen taldea Gonzalezek UDAn zazpi urte egin ostean, eta zuzendaritzako kideek zilarrezko intsignia ezarriko diote.


Ez da izango ekitaldiko omendu bakarra. Belar berria daukan futbol zelaian Bixente Etxeandiak egingo du ohorezko sakea. Halaxe erabaki zuen UDAko zuzendaritzak; izan ere, lan handia egindakoa da Etxeandia UDAn: jokalari lehenengo, entrenatzaile gero eta presidente bukatzeko. Orain dela urte bi hain zuzen, urre eta harribitxizko intsignia ezarri zioten egindako lan guztia eskertzeko, eta orain futbol zelaia inauguratuko du.

Aloña Mendi aurkari
Inauguratze ekitaldia bukatutakoan, 16:30ean, preferente mailako taldeak partidua jokatuko du. Oñatiko Aloña Mendi izango du aurkari, eta zalantza barik giro bikaina sortuko da harmailetan. Denboraldiko lehen partidua galdu egin zuten aretxabaletarrek eta etxean irabaztea gurako dute Igor Arenazaren mutilek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak