Abuztuaren 14an, egubakoitzean hasiko dituzte jaiak Aretxabaletan. Gaztetxoei zuzendutako eguna izango da; hala, arratsalde partean haurren parkea, futbolin txapelketa eta mus txapelketa egongo da herriko plazan.
Gose taldearen kontzertua
Ofizialki, baina, jaiak 19:00etan hasiko dira txupinazoarekin eta ikurrinaren agurrarekin. Gau partean, musikari egingo diote tartea. Arrasateko Gose taldeak kontzertua egingo du 23:00etan herriko plazan. Ines Osinagak eta haren taldekideek gaua girotuko dute trikiti doinuekin.
Jaietako egun handia, zapatua, Andramari eguna izango da. Iturrigorri pilotalekuan egingo dituzten pilota partiduek berotuko dute eguna. Agian, etorkizunean goi mailan ikusiko ditugun pilotariak izango dira Iturrigorriko frontoian.
Loquillo, herriko plazan
Gaueko 23:00etan suzko erruberak botako ditu Valecea etxeak, eta jaietako izarra izango den kontzertua 23:30etan hasiko da. Loquilloren rock doinuek hartuko dute herriko plazan. Balmoral laneko abestiek ez dute inor geldi utziko.
Domekan, hilaren 16an txirrindulari lasterketa jokatuko da; hain zuzen 72. andramari lasterketa. Gauean, ostera, pilota partida ofizialak jokatuko dira Iturrigorri pilotalekuan 22:30ean. Berasaluze eta Peñagarikanok Saralegi eta Mendizabalen aurka jokatuko dute. Sarrera 10 eurotan.
Herri bazkaria
Astelehenean bukatuko dituzte jaiak Aretxabaletan. Goiz eta arratsaldez sokamuturra egongo da Durana kalean. Gainera, 14:30ean herri bazkaria egingo dute. Paella erraldoia guztientzat. Bazkaria doan izango da, baina norberak eraman beharko ditu ogia eta edariak.