Udalbatzak 13 zinegotzi
Bihar eratuko den Udalean 13 zinegotzik dute kargua hartzeko deia gurean. Gogora dezagun Alderdien Legeak legez kanpo utzi zuela Eusko Abertzale Ekintza; hala ere, bozkatuena izan zen maiatzaren 27an eta lau ordezkari lortu zituen. Ordezkariok, baina, lau talderen artean banatu zituen Alderdien Legeak: Aralar, EA, EAJ eta Ezker Batua/Zutik. Hala eratuz gero Udala, hona bakoitzak izango lukeen zinegotzi kopurua: Aralarrek lau, EAk eta EAJk hiru, PSE-EEk bi eta Ezker Batua/Zutikek bat. Aralarrek, baina, jakinarazi du EAEri dagokion kargurik ez duela hartuko orain dela lau urte moduan; hortaz, hiru zinegotzi izango ditu. Gainerakoek ez dute ezer esan.
Udala eratzeko mahaia ordezkari nagusienak, gazteenak eta udal idazkariak osatuko dute. Hauteskunde batzordeak bidalitako kredentzialak jasoko dizkiote ordezkari bakoitzari, eta kargua hartuko dute gero, banan-banan. Bukatzeko alkatea hautatuko dute bozketa bidez. Bozketa bakarra izango da, eta derrigorrez zerrendaburua izan behar du alkate izateko. Gehiengo absolutua eskatzen du legeak alkate izendatzeko, eta hori lortu ezean zerrenda bozkatuenaren burua izendatuko dute.