Copreciko eraikin berria dela-eta, herritarren iritzia jasoko du Udalak

Mirari Altube Arrese 2010ko urt. 8a, 14:48
Copreciko aparkalekuaren jarduera aldaketa onartu aurretik parte-hartze prozesua zabaltzera derrigortuta dago Udala eta bi saio egingo ditu herritarrekin: urtarrilaren 12an eta 14an

20 c alderdiaren, hau da, Copreciko aparkalekuaren Hiri Antolaketa Arauen elementuen aldaketa puntuala onartuko du Udalak hil honetan. Copreci lantegiko arduradunen asmoa da aparkalekua dagoen tokian eraikin berri bat egitea eta jarduera aldaketa hori da Udalak onartuko duena urtarrilaren 25ean egingo duen osoko bilkuran. Aurretik, baina, herritarren parte-hartze prozesua zabaltzera derrigortuta dago, Lurzoruaren legeak hala dioelako.
Hori horrela, bi saio egingo ditu herritarrekin eta elkarteetako kideekin datorren astean: martitzenean, hilak 12, Arkupe kultura etxean eta eguenean, hilak 14, udaletxeko ganbaran (18:30-20:30).

Lantegia txiki geratuta

Hiri Antolaketari dagokion aldaketa puntual horri azaroaren 30eko osoko bilkuran eman zion hasierako onarpena udalbatzak. Lantegi alboan dagoen aparkalekua kendu eta eraikin berri bat egiteko arrazoia da txiki geratu dela Copreci. Hala, orain dagoenaren osagarri izango da eraikin berria eta Udalarekin hitzartu du ahal den eraginik txikiena izango duela herritarrengan.


Datorren astean egingo dituzten bi parte-hartze saioetan herritarren iritzia jasoko du Udalak. Batetik, Hirigintzako Plan Orokorra egiten jardun duen batzordeko kideak izango dira eta bestetik, interesa duten herritar guztiak: "Badakigu inguru horretako bizilagunek zeresanen bat edo kezkaren bat izan dezaketela", jakinarazi du alkateak.
Parte-hartze prozesu horretan jasotako iritziak, baina, ez dira izango erabakitzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak