Coprecik leku premia du, eta Udalak industria-mapa berrantolatu nahi du

Leire Kortabarria 2008ko urt. 25a, 11:40
MCC taldeko Copreci lantegiak leku premia du. Hain zuzen, makina astunak ipintzeko leku barik geratzen dabil, makina horiek lurrean ipini behar direlako; ezin dira bigarren solairu baten edo gorago ipini, eta gaur egungo lantegia txiki geratuko zaio laster. Hala, Copreci Aretxabaletako Udalarengana zuzendu da proposamen batekin, eta orain hori aztertzen dabiltza. Coprecik proposatu du, Arrasatetik Aretxabaletarantz joanda, herriko sarreran dauden eremuetan kokatzea, Mecako zubi inguruan.

Copreciren arazoa ez da apartekoa herrian; izan ere, Aretxabaletan ez dago lursail asko industriarako egokiak, eta, pixkana-pixkana, industria erdigunean, etxeen inguruan, geratu da. Aretxabaletako Udalak horren gaineko gogoeta egin du, eta baditu asmo batzuk: "Ze esparru industrial dagoen ikusiko dugu, eta industria birmoldatu egingo dugu: gaur egungo lekutik atera eta leku egokiago batera eramango dugu. Erdigunean, bestelako enpresa batzuk ipini gura ditugu: diseinu, teknologia eta zerbitzu arloetakoak, alegia", dio Udal Industria zinegotzi Edorta Mendietak. Plan hori oraingo agintaldian hasi da lantzen Udala, eta, zinegotziaren esanetan, "epe ertain edo luzerako proiektua da; anbizio handiko proiektua da, eta oso konplexua".

Udalaren esanetan, urrian bultzatu zen Herritarren Parte-Hartze prozesuan, industriaren kokagunearen gaineko kezka behin eta berriz azaltzen zen.

Hiru urteko epea

Copreciri dagokionez, eurek aurkeztu diote proposamen landu bat Udalari, eta leku aldaketa 2009-2012ko Plan Estrategikoko helburuetako bat da. Copreciko kudeatzaile Javier Oleagaren esanetan, "hiru bat urtean, proiektua landu egin behar da". "Gure lehentasuna Aretxabaletan geratzea da, bazkide guztiak hemengoak direlako, baina, ezin izango balitz, beste aukera batzuk begiratuko genituzke, betiere, ibarrean". Leku aldaketak Copreciko 900 langileei eragingo lieke.
Copreciren proposamena herriko sarrerako lurretara joatea bada ere, "Udalaren proposamenetara zabalik" dagoela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak