Coprecik 2011ko martxoan izango du prest pabilioi berria

Luis Mari Mendarozketa Copreciko presidenteak azaldu duenez, lantegia handitzearen helburua da produkzio azalera handitzea, izan ere, azken urteotako salmenten gorakada dela-eta, leku gabe geratu dira.


Produkzio azalera handitzeko helburuarekin, eraikin berriak bi solairu eta soto bat izango ditu. Ekoizpen lerroak eta berrikuntza arloko proiektu berriak kokatzeko erabiliko dituzte solairuok, eta sotoa, berriz, ibilgailuendako aparkalekuak egiteko. Modu horretan, etorkizunari begira Copreciren presentzia berretsi egingo da Aretxabaletan. Are gehiago, Copreciren egoitza nagusia Aretxabaletakoa izango dela azaldu du Mendarozketak.

Bestetik, orain arteko langile kopurua mantendu eta, ahal den neurrian bada ere, gehiago kontratatu nahi dituzte enpresa handituta. Hala eta guztiz ere, hori etorkizunak markatuko duela azaldu dute.
Hiru milioi euro inguru erabiliko dituzte eraikina egiteko, eta, lanok atzerapenik gabe badoaz, pabilioi berria 2011ko martxoan izango dute prest. Azken urteotako egoera ekonomikoa kontuan hartuta, berri ona da Copreciren handitzea. Etorkizunari begira ere baikor azaldu dira, izan ere, kooperatiba bat sortu berri dute Nafarroan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.