Bolinagako bidea eta Lausittako saneamendu lanak aurrera

Mirari Altube Arrese 2010ko mar. 8a, 13:32
Bigarren E-planarekin 718.481 euroko dirulaguntza bideratu du Madrilgo gobernuak Aretxabaletara. Diru hori hainbat proiektu egiteko erabiliko du Udalak, tartean Lausitta kaleko etxe txikietako saneamendu lanak eta Bolinagako bidea konpondu.

Lausitta kaletik Galartza auzora bidean, ezker aldean, dauden etxetxoetako saneamendu eta ur hornikuntzarako hodiak aldatzeko proiektua eginda dauka Udalak. Gainera, lan horiek bukatzeko inguru guztia txukunduko dute. Ia dirulaguntzaren erdia erabiliko dute lan horiek egiteko, 324.000 euro hain zuzen, eta lanek, ondo bidean, hiru hilabete iraungo dute.

 

Dirulaguntzaren bigarren zati garrantzitsuena Bolinagako bidearen konponketa lanetarako izango da. Hango lurren asentamenduari eragingo diote lan horiek eta 174.000 euro beharko dituzte horretarako.

 

Bi lan horietarako lehiaketa deiak egunotan argitaratuko dituzte eta apirilean esleitu. Udalak jakinarazi du, aurrekoan legez, hainbat puntu jasoko dituztela lan horietarako langabeak hartzen dituzten enpresek.

Bakarrari ezetza

Madrilgo gobernuak onartu ez duen proiektu bakarra izan da Belorrieta auzuneko –Deba ibai alboan– espaloia konpontzea. Horren ordez, udaletxeko telefonogunea eta zerbitzaria aldatuko dituzte. Horrekin batera, hona landuko dituzten beste proiektuak: futbol zelaiko ur beroaren galdara egokitu–50.542 euro –; kaleko farolen eraginkortasun energetikoa hobetu –24.000 euro–; Galartzako ur deposituaren instalakuntza  hobetu –36.045 euro–; udaletxeko atea aldatu traba arkitektonikoak ezabatzeko –18.000 euro–; eta Gizarte Zerbitzuak proposatutako heziketa tailerrak abian jarri –17.549 euro–.

Hiru ikastaro

Gizarteratzeko arazoak dituzten herritarrendako izango dira Gizarte Zerbitzuek proposatutako tailerrak; hiru guztira: sukaldaritza (60 ordu); etxeko eta norberaren ekonomia antolatzeko ikastaroa (60 ordu); eta josten ikastekoa (30 ordu). Udalaren asmoa zen otsailean hasi eta urria bitartean egitea ikastaroak baina atzeratu egin dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak