Biribilgunea egiteko lehen lanak hasi dituzte Deba ibaian

Mirari Altube Arrese 2009ko urriaren 9a

Aretxabaletako iparraldeko sarreratik pasatzen den Deba ibaian hondeatze-makinak dabiltza azken bi asteotan lanean. Arrasateko Olandixoko tunelaren lanen barruan daude Deba ibaikoak ere.

Arrasatek eta Aretxabaletak bat egiten duten gunean biribilgunea egingo dute. Biribilgune handia izango da, Bergarako Elorregi auzoan dagoena baino handiagoa, eta, eraikitze lanak hasi aurretik, orain dauden sistemak aldatu egin behar dituzte lekuz: ur zikinak jasotzen dituen kolektorea eta goi tentsioko argindar linea. Horretantxe dabiltza ibaiko hondeatze-makinak.

Hiru errepideren elkargunea

Egingo duten biribilguneak Garagartzatik datorren errepidea –Olandixoko tuneletik bueltan–, GI-627 errepidea eta Aretxabaleta herrira doan bidea hartuko ditu. Hain zuzen, bi herrien mugan geratuko da. Guztira, 80 metroko diametroa izango du eta automobil asko hartuko dituela aurreikusten dute, Gasteiz, Donostia eta Bilbo aldera irteteko aukera eskainiko duelako.

 

Lanon proiektuak hainbat aldaketa izan ditu azken hilabeteotan eta oraintsu elkartu dira Arrasateko eta Aretxabaletako udal ordezkariak Aldundikoekin. Azken aldaketak jasotzen dabiltza orain, eta laster, behin betikoa argitaratuko dute. Lanok 2010eko ekainean bukatzea aurreikusten dute arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak