Bikoiztu egin da mailegu kopurua liburutegian, Arkupen dagoenetik

Mirari Altube Arrese 2010ko api. 16a, 15:51
Liburutegiak ez du aparteko ekintzarik egingo Liburuaren Nazioarteko Egunean baina badu pozik egoteko arrazoia, bikoiztu egin dela maileguan hartutako kopurua hain zuzen. Bi urte beteko ditu Udal liburutegiak ekainean egoitza Arkupen duenetik, eta aldaketarekin irakurleak eta erabiltzaileak irabazi ditu maileguak bikoizteraino.

Arkupe kultura etxeko lehenengo solairuan dago liburutegia eta elkarrengandik bereiztutako hiru gune ditu: helduena; gazteena; eta Txiki Txokoa, 0 eta 6 urte arteko umeendako. "Egoitza zaharrean ere bagenituen antzeko txokoak baina ez bereiztuta, eta orain askoz ere leku gehiago dute bakoitzean", dio Joseba Lopez de Armentia arduradunak. 


Bi langilek egiten dute lan eta hirugarren bat gustura hartuko lukete ordutegia luzatu eta zapatuetan zabaltzeko: "Aspaldiko eskaera da baina oraindik ez daukagu baietzik, dirulaguntzaren baten zain daudelako. Lortuz gero zapatu goizetan zabalduko genuke eta astegunetako ordutegia luzatu". 


Maileguek izugarri egin duela gora azken bi urteotan jakinarazi du Lopez de Armentiak, "ia bikoitza da orain". Maileguek bakarrik ez, urtean erosten duten materiala ere bikoiztu egin da: "Arkupen gaudenetik aurrekontua handitu digute eta ondorioz material berri kopuruak gora egin du. Filmak eta musika diskoak askoz gehiago ditugu orain", dio arduradunak. Hala, 2007an ia 700 liburu, film eta disko erosi zituzten; 2008an, ia 1.500; eta 2009an, 1.300. Aurten, krisia dela eta, murrizketak egin dituzte partida askotan eta liburutegiko aurrekontuak ere izan duela beherakada onartu du Lopez de Armentiak.

Hamabi ordenagailu

Liburutegiko erabiltzaileak bertara lanera ere joaten dira. Izan ere, zortzi ordenagailu daude helduen gunean eta lau gazteenean: "Beti daude beteta eta hobeto antolatzeko ordubeteko txanda ematen diegu helduei eta ordu erdikoa gaztetxoei".
Txiki Txokora, gainera, hilabete guztietan etortzen da ipuin kontalari bat. Bihar esaterako, Ixabel Millet izango da (11:30). "Baina gurasoei ahaztu egiten zaie liburutegiko txokoa dela eta ez jolas parkea", gaineratu du Lopez de Armentiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak