Bidegorriaren Aretxabaleta iparraldea eta Eskoriatza arteko zatia inauguratu dituzte

Asier Alkorta 2007ko ira. 24a, 11:22

Egubakoitzean Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko bidegorriaren tramuak inauguratu zituzten, berriztatze lanak egin ostean.

Luzeraz 250 metro ditu zatiak, hiru metroko zabalera du eta bidearen zati bat bizikletaz doazenentzat egokitu dute. Bidezorua berritu egin dute bertan, eta drainatze nahiz argiztatze sare berria jarri dituzte. Bi hilabete eta erdi iraun dute lanek, eta 97.000 euro inguruko kostua izan dute lan horiek guztiek.

Berrehun metro

Aretxabaleta eta Arrasate arteko bidegorriak 200 metro pasatxo ditu. Zabaleraz, aldiz, lau metro. Tramu horretan ere argiztapena eta drainatze sistemak jarri dituzte. Deba ibaiaren eta Gipuzkoa 632 errepidearen tartean dago, eta ibaitik babesteko, 150 metro luze eta lauzpabost metro zabal dituen harri lubeta eraiki dute. Uztail eta abuztu artean egin zituzten, eta 214.000 euro inguruko aurrekontua du.

Carlos Ormazabal Mugikortasun diputatua inaugurazio ekitaldian izan zen, eta aditzera eman zuen Gipuzkoako Aldundia bidegorri sarearen aldeko apustua egiten dabilela, eta orain herritarrek bidegorria erabili egin behar dutela.

Aretxabaletako alkate Inaxio Garrok azpimarratu zuen Arrasaten zein Aretxabaletan lan egiten dutenak bizikletaz joan ahalko direla lantokira. Horrez gain, jakinarazi zuen Aretxabaletako Udalak bidegorriekin lotutako lan gehiago egin gura dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak