Zubikoa ingurura lekualdatzea izan zen aztertutako lehen aukera; herriko iparraldeko sarreran dagoen zelaira, Izurieta auzo azpian. Aukera hori baina oso garestia zela jakinarazi zuen Inaxio Garro alkateak: "Lurrak erosi behar ziren, ingurua urbanizatu, lantegia eraiki eta gero lekualdatzea egin, hortaz, guztira 25 bat milioi euro". SPRIko zuzendariarengana jo zuten lehenengo proiektu hori aurkeztu eta laguntza eskatzera eta handik Jaurlaritzako Industria Sailera: "Ekonomikoki ez zela bideragarria jakinarazi ziguten". Eta orduan beste konponbide bat aztertzen hasi ziren.
Bi solairuko eraikina
Lantegiko aparkalekuan beste eraikin bat egitea erabaki du Coprecik. Bi solairu dituen lur azpiko aparkalekua egingo dute bertan eta gora beste bi solairu egingo dizkiote eraikinari. Orain dagoen lantegiaren osagarri izango da eta Udalarekin hitzartu du herritarrengan ahal den eragin txikiena izango duela: "Inpaktu bisuala, zaratak… eragiten dituzten jarduerak atzeko partean jarriko dituztela hitzartu dugu. Ahozko konpromisoa da, baina guztiok dugu interesa bete dadin", jakinarazi du Garrok.
Eusko Alkartasunako zinegotziek hain zuzen horixe eskatu zioten: ingurumenean izango duen eraginaren azterketa egiteko. Gainera, prozesuarekin ez ziren bat etorri: "Epe motzeko irtenbidea da eta erabaki horrekin herritik industria kendu eta enpresa parke bihurtzeko egitasmoari ezetza eman zaio". Hala ere, ez zutela Copreciren etorkizuna oztopatu gura azaldu zuten.
Ezker Batua-Berdeak alderdiko zinegotzia, ostera, erabakiaren aurka azaldu zen: "Herri erdira industria ekartzea da hori eta beste aukera batzuk aztertu behar ziren aurretik". Bai Udal gobernuak, bai alderdi sozialistak erantzun zioten "bideragarria den beste aukerarik" ez dagoela.
Parte-hartze prozesua
Udalak hasierako onarpena eman arren parte-hartze prozesua zabalduko dute orain legeak hala eskatzen duelako. Herritarren iritzia jasotzeko batzordea osatuko dute eta alkateak proposatu zien plan orokorra egiten ibili den batzordea izatea hori. Ezker Batua-Berdeak ez zen bat etorri "gehiago zabaltzea komeni" dela esanaz. Datorren asteko Hirigintza Batzordean erabakitzeko geratu ziren zeinek parte hartu. Hala ere, batzorde horren iritzia ez da izango erabakitzailea.