Berrituta inauguratu dute Basotxo taberna zerbitzu hobea emateko

Mirari Altube Arrese 2010ko mai. 20a, 11:57
Atzo, hilak 19, inauguratu zuten Basotxo erretiratuen egoitzako taberna hainbat egunetan itxita egon ostean. Berrikuntza lantxo batzuk egin dizkiote egun horietan eta orain ordutegi zabalagoa izango du eta zerbitzu hobea eskaini.

Tabernako argiteria eta kafetera aldatu dituzte itxita egon den egunotan, ordenagailua jarri eta sukalde barruko aldaketak egin langileen lana errazteko. Hori guztia egindakoan inauguratu dute –aurreskuarekin eta zinta moztuta– eta bertan izan ziren Inaxio Garro alkatearekin batera Jaurlaritzako Gizarteratze Programako arduradun Pedro Sanchez eta bazterketa jasateko arriskuan dauden herritarren gizarteratzean lan egiten duten hainbat kide. Ekitaldia aprobetxatu zuen Udalak azken 23 urteotan Basotxo tabernaren ardura izan duen Mari Jose Etxebarriarteuni eskerrak eman eta lore sorta eskaintzeko.

Pintxoak eta ogitartekoak

Dagoeneko 25 urte baino gehiago ditu Basotxo erretiratuen egoitzako tabernak. Lehenengo Mitarte plazan izan zuen egoitza eta azken 22 urteotan Errekabarren kalean. Etxebarriarteun familiak izan du horren ardura orain arte, baina aurtengo martxoan Udalak erabaki zuen Durangoko Txukunberri Osoko Zerbitzuak enpresari ematea taberna biziberritu eta indartzeko asmoarekin.


Hori horrela, lehengo langilearekin batera beste lau daude orain tabernaren eta garbitasunaren arduradun; guztiak langabezian zeuden aretxabaletarrak. Zerbitzu hobea emateko asmoarekin ordutegia luzatu dute: aste egunetan, 11:00-21:00 eta aste bukaeratan, 10:30-22:30. Gainera, edatekoa bakarrik ez, jatekoa ere egongo da hemendik aurrera; batetik, pintxoak eta bestetik, ogitartekoak, pizzak… bazkari edo afaritarako. 


Izan ere, gogorarazi gura dute erretiratuendako bakarrik ez dela taberna: "Egia da erretiratuei beste prezio bat egiten diete, baina edonor etor daiteke, eta oso prezio onak dituzte. Gainera, mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte kanpoan", dio Mirari Aiastui Gizarte Zerbitzuetako langileak. Era berean erretiratuen elkarteko kideek jakinarazi dute dagoeneko igartzen direla tabernan egiten hasi diren hobekuntzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak