Eguenetan (09:00-14:00) egoten da Jaione Fraile teknikaria Aretxabaletako udaletxean (Gizarte Zerbitzuen bulegoan) eta harremanetan jarri gura izanez gero hona helbide elektronikoa: berdintasuna@aretxabaleta.net.
Diagnostikoa eta plana
Abian jarri berri duten zerbitzuko teknikariak eskuartean duen zeregin garrantzitsuenetakoa Aretxabaletako emakume eta gizonen arteko berdintasun diagnostikoa egin eta ondoren plana garatzea da. Bai diagnostikoa egiteko, bai plana aurrera eroateko herritar guztien partaidetza eta inplikazioa eskatzen du teknikariak: "Proiektua irekia izatea gura dugu, eta horretarako guztion partaidetza ezinbestekoa da", dio Frailek. Hala, partaidetza samurtzeko eta herritarren ekarpenak jasotzeko asmoarekin komunikatzeko hainbat bide zabalduko dituzte. Horrekin batera berdintasunaren arloan dauden jardueren eta zerbitzuen gaineko informazioa herritarrei helaraztea izango da teknikariaren beste arduretako bat.
Emakumeen topaketa
Berdintasun teknikariak, gainera, herriko hainbat elkarte eta eragilerengana joko du emakumearen egoeraren gainean jarduteko. Eta herriko emakumeen topaketa jarri gura du abian emakume horien beharrak hobeto ezagutzeko asmoarekin. Horregatik interesaturik egon daitekeen edozein emakumek har dezakeela parte topaketan argitu du: "Herritar guztiak animatuko nituzke prozesu ireki horretan parte hartzera. Gure herrian emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean aurrerapausoak emateko balioko du. Hala, elkarrizketarako esparruak zabalduko ditugu, eta zalantza barik arazoak eta beharrak identifikatzeko balioko du", argitu du Frailek. Laster zabalduko dute guztiaren berri eta parte hartzeko deialdiak egingo dituzte.