Begiraleak behar ditu Poxpolin Elkarteak udalekuetarako

Mirari Altube Arrese 2009ko martxoaren 19a

Gazteria Saila eta Poxpolin Elkartea dagoeneko hasi dira uztaileko udaleku irekiak gertatzen. Umeekin begirale lanak egingo dituzten gazteak behar dituzte, eta izena emateko epea zabaldu dute astean.

Gazteek derrigorrez bete beharko dituzten baldintzak bi dira: 18 urte izatea eta euskaraz ondo jakitea. Horiez gain, beste lau kontu baloratuko dituzte lehiaketa deia egin dutenek: aretxabaletarra izatea; antzeko lanetan esperientzia izatea; zein ikasketa dituen eta begirale kontuekin zerikusia duen ikastaro edo tailerrak eginda izatea.


Horren guztiaren berri ematen duen curriculuma Gazteria Sailera bideratu behar dute interesatutako gazteek. Posta elektronikoz bidaltzeko hona helbidea: gazteria@aretxabaleta.net. Eskuan ematea gurago izanez gero jakin Arkupe kultura etxean dagoen gaztelekuan daukala lokala Gazteria Sailak. Maider Etxaniz teknikaria astelehen eta eguaztenetan egoten da bertan (09:00-13:30 eta 14:00-17:00). Argibideren bat behar izanez gero gazteria teknikariari deitu: 943 08 10 01.


Jasotako curriculum guztiak begiratu ostean egokienak aukeratuko dituzte udalekuen antolatzaileek. Bestalde, zuzendaritza taldean lan egiteko gertu egonez gero curriculumean adierazteko eskatu dute.

Gazteria Saila antolatzaile

Aurten lehenengoz antolatuko ditu Gazteria Sailak uztaileko udalekuak; Kultura Saila hasi zen antolatzen eta haren ardurapean egon dira orain arte. Iaz 30en bat begiralek jardun zuen lanean 200 umerekin, eta aurten ere antzerako taldea osatuko dute. Udalekuak uztailaren 2an hasi eta 24a bitartean izango dira. Parte hartu gura duten umeek izena emateko deia aurrerago egingo dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak