Esan bezala, Aretxabaletak asko presionatu du Beasain goiko lerroetan. Eta, hasierako minutuetan partidua menderatuko zutela ematen zuen arren, bi hutsen ondorioz Beasainek bi gol egin ditu.
Lehenengo golean etxekoek zorte txarra izan dute; baloiak zutoina jo du eta sareetan sartu da. Bigarren gola Alvarezek egin du buruz, korner baten ondoren.
Bat gutxiagorekin
Atsedenaren ondoren etxeko mutilak gola azkar egitera irten dira. Hala, partiduaren norabidea alda zezakeen jokaldia izan du Oinatzek bere oinetan. Atezainaren aurrean bakarrik geratu eta falta itsusia jaso du Oinatzek atezainaren aldetik; baina, epaileak txartel horia bakarrik atera dio.
Bestalde, Iban Astolak bigarren zatiko 30. minutuan bigarren txartel horia ikusi eta zelaia utzi behar izan du. Hala, partidua zakartu egin da.
Beasain, ondo
Jokalari bat gutxiagorekin ezer gutxi egin dute etxeko jokalariek. Besainek hobeto eta gehiago jokatu du. Hala, bi kontraerasotan egin ditu golak. Hirugarren golean etxeko atezain Edenek huts nabarmena egin du. Laugarren gola, ostera, kontraeraso bikain baten ondoren iritsi da. Esan behar da, Beasainek gol gehiago egiteko aukerak izan dituela.
Minutu bateko isilunea
Partidu hasieran, minutu bateko isilunea gorde dute Ibarran Jose Luis Txintxurretaren omenez. UDAko zuzendaritza batzordekoa izandakoa, 70eko eta 80ko hamarkadetan oinarri-futbolaren ardura izan zuen Txintxurretak. Zubizarreta eta Lopez Rekarte ekarri zituen, besteak beste.