Basotxoko taberna indartzeko hitzarmena sinatuko du Udalak

Mirari Altube Arrese 2010ko mar. 31a, 12:25
Basotxo erretiratuen elkarteko tabernaren ardura hartu eta hori suspertzeko hitzarmena sinatuko du Udalak Durangoko Txukunberri Osoko Zerbitzuak SL enpresarekin. Astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak hitzarmen hori sinatzea.

Hiru urterako sinatuko dute hitzarmena –beste urtebetez luzatzeko aukerarekin– eta tabernan lan egiten duen langilearen ardura hartu du. Formazio ikastaroak emango dizkiote eta zelan indartu taberna aztertu. Txukunberri enpresa, beste kontu batzuen artean langabeen gizarteratzeaz arduratzen da eta eskarmentu handia dauka halako kontuetan.


Udal agintariek uste dute guztien onerako izango dela hitzarmen hori. Izan ere, Udalak 1992an eman zuen taberna errentan urtebeterako, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin, eta ordutik berrikusi barik zeukan orduan hitzartutakoa. Hala bada, langilearen lan egoerak nabarmen egingo duela hobera esan dute.


Bestalde, Basotxo erretiratuen elkarteko kideek uste dute gero eta erretiratu gutxiago joaten dela tabernara eta ez daukala zerikusirik beste elkarte batzuetan egon ohi den giroarekin. Horregatik gustura hartu dute Udalak sinatutako hitzarmena eta uste dute tabernaren jarduna hobetzerakoan jende gehiago hurbilduko dela bertara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak