Basotxok antolatutako kantu zaharren txapelketan parte hartzeko azken egunak

Mirari Altube Arrese 2009ko aza. 23a, 13:30
Kantu zaharren txapelketa antolatu du Basotxo erretiratuen elkarteak eta abenduaren 1ean bukatuko da aurkezteko epea. Eguenean, azaroak 26, txapelketaren antolatzaileak Basotxon izango dira grabaketa lanak egiteko.

Basotxoko bazkideek astebete dute txapelketan parte hartzeko. Izan ere, txapelketa ez dute egingo egun jakin baten eta jendaurrean, horrek atzera eragingo lukeelako. Kantua aurrez grabatuko dute, Basotxon bertan. Hala, eguenean, azaroak 26, Basotxon izango dira antolatzaileak kantarien abestiak grabatzen (09:00). Interesatuak bertan ager daitezela.

Hona antolatzaileek jarritako baldintzak txapelketan parte hartzeko: derrigorrez Basotxoko bazkidea izan behar du kantariak; bakarka abestuko du eta abestiak arbasoengandik jasoa izan behar du, hau da, garai batekoa. Euskaraz zein gazteleraz kanta daiteke. Baten batek argibideren bat gura izanez gero Pedro Etxebarria Basotxoko batzordekidearengana jo dezala.

Bi epaimahai

Kantuak entzun eta baloratzeko bi epaimahai egongo dira. Gainera, lehenengoaren barruan bi talde osatuko dituzte: batek musikari dagokion alderdia baloratuko du eta besteak, historia eta kulturari dagokiona. Bi talde horiek txosten bat egingo dute balorazioarekin, baina ez da izango erabakitzailea. Bigarren epaimahaia txapelketako parte-hartzaileek eurek osatuko dute eta lehenengoen txostena irakurri ostean euren eskuetan egongo da azken erabakia. 

Sari dotoreak jasoko dituzte irabazleek: lehenengoak, 200 euro; bigarrenak, 100 euro; eta hirugarrenak, 50 euro. Eta sari banaketa abenduan egingo dute, Basotxok hilabete horretan egiten duen jairen bat aprobetxatuta. 

Antolatzaileek ez dute erabaki jasotako abestiekin zer egingo duten, ez dakite-eta zenbat jasoko dituzten. Baina onartu dute ondare interesgarria izan daitekeela eta ez dute baztertu disko baten jasotzea guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak