Basotxo erretiratuen elkarteak 945 bazkide ditu

Mirari Altube Arrese 2009ko mar. 12a, 13:51
Basotxo erretiratuen elkarteak urteko batzar orokorra egin du astean. Aretoa bete egin zen bazkideekin eta urtean egingo dituzten ekintzak onartu zituzten. Baita zuzendaritza batzordeko kideak aldatu ere.

Iaz egindako ekintzen txostena irakurri zuen Jesus Mari Martinez idazkariak eta diru kontuen berri eman. Bidaiek eta irteerek arrakasta handia izan zutela aipatu zuen, baina berbaldietara oso jende gutxi hurreratu zela, "nahiz eta benetan gai interesgarriak izan edadetuondako". Aurten ere ildo beretik jarraituko dute ekintzei dagokienean eta hona ikasturtean zehar antolatuko dituztenak: astebeteko hiru bidaia –lehena apirilean, Portugalera–, egun bateko bost irteera, mendi bueltak –Landara, Urbiara eta Nagusien Martxa–, ospakizunak –Santa Luzia eguna, 90 urtekoei omenaldia, Santo Tomas eguna eta Aingeru Guarda eguna– eta bost edo sei berbaldi. Horiez gain, podologoaren eta ile-apaintzailearen zerbitzuak eskaintzen dizkiete bazkideei. Txanda aurrez hartu behar dute Basotxon, bertan.

Kuota igoerarik ez

Urteko kuota ez igotzea erabaki du zuzendaritza batzordeak eta sei euro izango da aurten ere. Gainera, 85 urtetik gorako bazkideei kuotarik ez kobratzea hemendik aurrera erabaki dute. 945 bazkide ditu Basotxok eta horietatik 87 dira 85 urtetik gorakoak. Azken urtean 31 bazkide hil dira eta 50 sartu dira elkartean.


Orain arte harreman ona izan dutela Udal ordezkariekin esan zuten, eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Araceli Herranek elkarteak egiten dituen bileretan egoteko interesa azaldu duela. Zaharren egoitza berria zabaltzen dutenean –maiatza inguruan– Urats Gainen dauden egoiliarrak hara eroango dituzte eta Basotxo elkartearen egoitzarekin zer gertatuko den ez dakite oraindik zuzendaritzako kideek, "Udalak ez digu ezer esan". 


Bestalde, lau kidek zuzendaritza batzordea utzi dute bi urte egin eta gero eta beste lau bazkide sartu dira: Miguel Cabero –diruzain lanak egingo dituena–, Pedro Etxebarria, Ana Mari Iñurrategi eta Kontxi Romano. Eta batzordean jarraituko dute beste urtebetez lau hauek: Imanol Aranzabal –presidentea–, Jesus Mari Martinez –idazkaria–, Javier Sanz eta Itziar Errasti.

Lisboara bidaia

Lehen bidaia antolatuta dauka Basotxok; apirilaren 13tik 19ra joango dira Lisboara (Portugal). Astean bukatu da izenemate epea eta autobusa beteta dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak