Basotxo elkartearen 25. urteurrena, bihar

Mirari Altube Arrese 2007ko abenduaren 14a

Bihar, abenduak 15, 25. urteurreneko ospakizuna egingo du Basotxo erretiratuen elkarteak. Irailean egin gura zien Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunen elkarteak esker on ekitaldia, baina Basotxokoek eskatu zien abendura atzeratzeko ekitaldi osatuagoa antolatzeko. Hala, egitarau dotorea antolatu dute.

Basotxo erretiratuen elkarteko estatutuak 1982ko ekainaren 4an sinatu zituzten. Elkartearen lehen datuak, baina, lehenagokoak dira 1979koak, hain zuzen. Hamaika bat lagun elkartu ziren orduan, bazkide fitxak eta guzti dituzte, eta lanean hasi. Elkarteko kideek egindako batzarren lehen akta, ostera, 1981eko irailekoa da. Eta elkartearen lehen egoitza Mitarte plazan egon zen. 1989an aldatu zuten lekuz eta Errekabarren kalera ekarri, Urats Gain zahar etxe azpira hain zuzen.


90 urte betetakoei omenaldia

Basotxoko zuzendaritza batzordeak ohitura du Santa Luzia egunaren inguruan –hilaren 13an– urtean 90 urte bete dituzten bazkideak omentzea. Egun hori hautatu du Gipuzkoako elkarteak emango dion plaka jasotzeko. Debagoieneko erretiratuen arduradun den Jose Riviereren eskutik jasoko du, eta Udal agintariak ere bertan izango dira. 25 urteko ibilbidea aintzakotzat hartu eta omentzea du helburu plakak, eta horregatik urte horietan guztietan presidente izandakoak gonbidatu dituzte. 25 urtean 10 presidente izan ditu Basotxok; horietatik lau dagoeneko ez daude gure artean. Guztiak izango dituzte gogoan ekitaldian.

Ospakizuna goizean hasiko dute, mus, briska eta patata tortilla txapelketak eginda, eta trikitilariek girotuko dizkiete txapelketok. Eguerdi partean sariak emango dizkiete irabazleei, eta arratsaldean omenaldi ekitaldiok egingo dituzte: aurten 90 urte bete dituztenei lehenengo, eta elkarteari, berari, gero. Egun guztian, gainera, bainika erakustea izango dute.
Eta jakinarazi elkarteak urte horietan guztietan antolatutako ekitaldi zein ospakizunetan ateratako argazkien bila dabilela zuzendaritza batzordea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak