Izen ofizialak
Jolas, Electrotalleres Zarautz SA enpresak egingo ditu seinaleok, eta azken aurrekontuaren zain egon arren, azaro inguruan jartzen hasiko diren ustea du Martin Garai udaltzain buruak. Egurrezkoak izango dira, eta Udalaren armarria eta Debagoiena azalduko dira, baserriaren izenarekin batera. Batzuek gezi itxura izango dute eta berdeak izango dira; horiek baserria baino lehen jarriko dituzte, non dagoen adierazteko. Beste batzuk marroiak dira, eta baserrian bertan jarriko dituzte. Seinaleetan, izen ofizialak agertuko dira, hau da, orain dela bi urte Udalak egindako toponimia azterketan jasotakoak. Datorren urtean, ostera, auzoen seinaleak jarriko dituzte.