Barru barrukoa, sentsazioz betetako emanaldia eskaini zuen 'Zakone'-k

Maider Arregi 2010eko ekainaren 20a

Julen Cobos Errasti, 'Zakone', bakarlariak, etxean eskaini zuen zuzenekoa bariku gauean. Lagun eta herritarren goxotasunak lagunduta, barru barruko emanaldia eskaini zuen. Euskaraz, gazteleraz eta katalanez abestutako kantuak izan ziren entzungai. Musikaria bai, baina marinela ere bada aretxabaletarra. Egun, Bartzelonan bizi da eta mediterraneoko doinuak, flamenkoarekin uztartzen ditu.

Antxoita del Kantábriko azken diskoa aurkeztu zuen Zakone-k.
Bizitzaren erretratu gazi gozoak, irudimen zorrotzez margotzen ditu bakarlariak, tiempos de lírica y mierda abestian kontatzen duen moduan. Ironia, maitasuna eta eguneroko kontuak ere nagusi dira bere letretan: Minigona, 1,30 eta Lua lua.
Baina, bariku gauean, Zaraia aretoan, bertsio bikainak entzuteko aukera ere izan zen: Mikel Laboa, Imanol, Kiko Veneno eta Itoiz taldearena, besteak beste.
Nabarmendu ere, Dani Figueras gitarra-jotzaile eta konposatzailearen maisutasuna. Musikari bikaina da eta argi geratu zen gitarrarekin eskainitako erakustaldia eta trebezia.


'Antxoita del Kantábriko'
Bat Gehio, Kataluniako eta Euskal Diasporako musikariak biltzen zituen taldeko abeslaria eta konposatzailea izan zen. "Rara avis bat euskal musikan, Mediterraneoan bizi den Antxoita del Kántabriko" halaxe identifikatzen da. Hamaika kontzertu eskaini ditu Mediterraneo eta Kantauriko portuetan. Bat Gehio taldearekin, beste bi lan kaleratu zituen: 2002an, Bihar agian, eta, 2004an Diaspor han.
Lan berria prestatzeko, Patagoniarantz jo zuen inspirazio bila. Bidaia luzea egin ostean,  azken lana udazkenean kaleratuko du, Antxoita del Kántabriko. Diskoa Bartzelonan aurkeztuko du, baina, etxera ere etorriko dela kontatu digu Zakone-k.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak