Giro bikaina izan da gaur Aretxabaletan ospatu den Euskararen Egunean. Aretxabaletako Loramendi Euskara Elkarteak antolatuta, eta euskara asteari amaiera emateko, euskararen eguna ospatu dute. Eguna ekitaldiz beteta izan da. Goiza Leizarra musika eskolako trikitilariak girotu dute. Ondoren, inguruko baserrietako gazta dastaketa ere egon da. Elkarteak egun honetarako ateratako zapiak ere jarri dituzte salgai 2 euroren truke, Eitteko prest! leloarekin. Bien bitartean, Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariekin bertso-txikiteoa egon da herriko tabernetan. Eguerdi aldera, herri bazkaria egin dute Iturrigorri pilotalekuan: babarrunak, saiheski, txorizo eta urdaiarekin; postrea, gazta eta menbriloa, eta azkenik, kafea eta pattarra; edateko Astigarragako Petritegi sagardotegiko 50 litroko kupel bat; guztira, 120 lagun bildu dira bertan.
Balorazio Positiboa
Beñat Zamalloa, Loramendi elkarteko kideak adierazi digunez: “Astean zehar egin ditugun ekintzetara jende gehiegirik hurbildu ez den arren, balorazioa positiboa da. Gure helburua, euskararen normalizazioa lortzea da, eta halako ekintzak eta ekitaldiak beharrezkoak ikusten ditugu”. Larraitz Iñurrategi elkarteko teknikariaren ustez: ”Gaurko egunean oso ondo erantzun du jendeak; euskara elkarteak halakoak antolatzeko egiten duen ahalegina nolabait konpentsatuta gelditzen da. Hala eta guztiz ere kanpaina berri bat zabaldu dugu, elkarteko bazkide izan nahi duten guztiendako”.
Gazta dastaketa Mitarte kalean
Gazta dastaketan, inguruko herrietako baserrietatik ekarritako gazta dastatzeko aukera izan da nahi izan duenarendako. Herriz herri, hauek izan dira dastatzeko gazta eraman duten baserriak: Aretxabaletatik, Bitarte- Garai eta Etxezuri baserriak; Eskoriatzako Arrua baserria; Arrasateko Muxibar eta Biosu baserrietakoa; Oñatitik, bost baserrietako gaztak izan dira dastatzeko: Azkarreta, Gomiztegi, Bellotza, Maina -Behekoa eta Eiziar -Goikoa. Eta eztarria bustitzeko Astigarragako Petritegi sagardotegiko sagardoa.