Baldintza bi gaineratu dizkio Udalak Bidegirekin egindako hitzarmenari

Mirari Altube Arrese 2010ko eka. 4a, 15:31
Hitzarmena zeukaten adostuta Bidegik eta Udal Gobernuak autobidearen eraikuntzak eragindako kalteak konpontzeko. Astelehenean egindako osoko bilkuran sinatzea onartu zuen udalbatzak, baina baldintza bi gaineratuta.

Ordubeteko eztabaida izan zuten udalbatzako kideek. Izan ere, gainerako alderdiak ez zetozen guztiz bat Udal Gobernuak idatzitako hitzarmenarekin. Izurieta eta Galartza inguruko berreskuratze lanak Udalak egingo ditu, hitzarmenean jasotakoaren arabera, eta gero, Bidegik ordaindu egingo dizkio. 843.000 euroko lanak izango direla uste dute udal teknikariek, baina gainerako alderdiek esan zuten edozein ezustekorengatik kopuru horrek gora eginez gero Udalak ez duela zertan bere gain hartu, eta hori hitzarmenean jasotzeko.

Bestalde, alderdi horiek eskatu zuten egindako lanak 30 egunera ordain ditzala Bidegik.   Alkateak jakinarazi zien Bidegiko zuzendari nagusi Borja Jauregik hala hitzeman ziola, baina udalbatzako gainerako kideek eskatu zioten idatziz jaso eta hitzarmenean sartzeko.

Bestalde, autobidearen lanek kaltetutakoek osatutako komisioko ordezkariek eskatu zuten lehenbailehen sinatu eta hasteko lanok, 1995a ezkero daudelako zain.

Hala, bi baldintza sartuta onartu zuten hitzarmena –Alderdi Sozialista abstenitu egin zen–: lanak bukatutzat emango direla dirua bukatzen baldin bada eta lanok 30 egunera ordainduko dizkiola Udalari Bidegik.

Orain Bidegiri bidaliko diote hitzarmen hori. Hark onartu ezean sartutako bi balditzok bertan behera geratuko da eta berriro adostu beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak