Ba! kultur mugimendua bertan behera gera daiteke

Goiatz Arana Begiristain 2010ko urr. 16a, 18:34
Epe motzean aurrerabiderik izan ezean, hala gertatu daitekeela azaldu digu koordinatzaileak. Bestalde, Inaxio Garro Aretxabaletako Udaleko Kultura batzordeburuaren esanetan, Arkuperen kudeaketa lehiaketara ateratzeko aukera bakarra dago baina “garestiegia” da.

Ba! aretxabaletarron kultura mugimenduak bi urteotan egindako lana ezagutzera emateko helburuarekin, BerBa! ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean, barikua, herriko plazan: erdi-erdian eserita eta aretxabaletarren aurrean, elkarrizketa egin zioten Beñat Zamalloa koordinatzaileari.

Ba! mugimendua, herritik herrira eta aretxabaletarren helburuetan oinarrituta, kulturgintzan eragin gura duen mugimendu moduan definitu zuen. Zamalloaren esanetan, “gaur egun irizpide barik antolatzen dira ikuskizunak eta irizpideren bat baldin badago, hori ekonomikoa da, ez herrian edo kulturan oinarritutakoa”. “Ezer ez izatetik zerbait izatera pasa gara, baina kontua da zerbait hori nolakoa den eta nolakoa izatea nahi dugun. Ez gatoz bat kultura ulertzeko modu kontsumitzaile horrekin”, gaineratu zuen. 

Auto-kritika

Ba! mugimendutik azaldu zutenez, prozesu honetan “herritarrak aktibo bat” izan behar dira, “arazoa herriarena” da eta horregatik da garrantzitsua eurekin harreman zuzena izatea. “Aurretik ez dugu hala egin, behar bada, eta hori izan da gure akatsetako bat. Baina hemendik aurrera inoiz baino herritarragoak izango gara”, adierazi zuten.

Udalari eskaera

Beñat Zamalloaren hitzetan, Udalak hausnartu egin beharko du honen guztiaren inguruan: “Orain arte talde eragile txiki moduan ikusi bagaitu ere, azken asteko ekimenek argi erakutsi dute herritarron mugimendu bat garela”. “Ezezkoak izaten bukatzen duten baiezko gehiagok ez digute balio. Negoziatu dezala serio Ama-Lur enpresarekin –Arkupe kultura etxearen orain arteko kudeatzailearekin–. Soluzio errealista bat behar dugu”.

Arkuperen kudeaketa lehiaketara ateratzeko eskatzen du Ba! mugimenduak: “Gure helburua ez da Arkupe bakarrik, baina ez dugu onartuko bere kudeaketa enpresa pribatu baten eskuetan egotea. Epe laburrean lehiaketara ateratzea lortzen ez badugu, posible da Ba! bertan behera geratzea. Jendeak beste urtebetez itxaroteko esaten digu, baina oso neketsua ari da izaten eta zaila izango da ilusio honi eustea”.

Aldarrikatzen duten ereduaren adibide gisa, Eñaut Zubizarreta txelo jotzaile aretxabaletarraren zuzeneko musikarekin hasi eta bukatu zuten atzoko ekitaldia.

Inaxio Garro: “Pena litzateke Ba! desagertzea”

Aretxabaletako Udaleko Kultura batzordeburuaren esanetan, Arkuperen kudeaketa lehiaketara ateratzeko aukera bakarra dago baina “garestiegia” da: “400.000 euro ordaindu beharko genizkioke Ama-Lurri –urteko kudeaketara bideratzen den diru kopurua– eta hori ezinezkoa da. Saiatu gara eurekin negoziatzen, baina gure arrazoiak ez zaizkie nahikoa iruditu kontratua eteteko, eta ez dute amore eman”. Lehiaketa datorren urtean deitzea ez du baztertzen. Bien bitartean, Udala eta herriko kultura eragileak elkarlanerako bidean jartzeko "batzorde anitz eta irekia osatzea" proposatzen du eta Ba! mugimendua bertan egotea: “Pena litzateke Ba! desagertzea; denak gara beharrezkoak”. Ba!ren eskakizunekin bat egindako elkarteak bilera batera deituko ditu, berak esateko duena ere zuzenean entzun dezaten. Eguaztenean izango da, 19:00etan, Arkupen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak