Azken ukituak eginda, zapatuan inauguratuko dute Herriko Plaza

Mireia Bikuña 2008ko abenduaren 18a

Hasieran zehaztutako epea baino hilabete beranduago bukatu dituzte Aretxabaletako Herriko Plazako eraberritze lanak. Azken ukituak egin dituzte, eta bihar egingo dute inaugurazioa. Ekitaldi ofizial barik, baina umeendako puzgarrien kontura bilduko dira aretxabaletarrak Herriko Plazan, 11:00etatik aurrera.

Asteon buru-belarri ibili dira Arrasateko Aikia eta Besaide enpresek osatutako aldi baterako elkarteko langileak lanean. Astelehenean bukatu zitzaien lanak egiteko epea. Eguaztenean plaza zeharkatu eta Kurtzebarri eskolara joateko bidea zabaldu zuten. Bestalde, azken orduetan metalezko hesiak kendu dituzte, eta dagoeneko arazo barik ibil daiteke Aretxabaletako plazan.

Zuhaitz berriak

Martitzena eta eguaztena bitartean landatu zituzten plazako zuhaitz berriak: hain zuzen ere, sei arte landatu dituzte, aurretik zeuden platanondoen ordez. "Platanondoak kendu genituen plazan behar bezalako arrapalak egitea eragozten zigutelako. Oraingo honetan arteak jarri ditugu", dio Aretxabaletako alkate Inaxio Garrok. Aretxabaletarrek proposatu zuten platanondoak beste leku batera eroatea, baina udalbatzak ez zuen onartu.
Lan gehiena bukatuta dagoen arren, Herriko Plazako eserlekuak jartzea falta da. Datozen egunetan jartzea aurreikusten dute udal arduradunek.

Itxura berria

Plaza eraberritzeko lanak martxoaren 25ean hasi zituzten, eta Aikiak eta Besaidek osatutako aldi baterako elkarteak zazpi hilabeteko epea zuen lanok egiteko. Baina, hilabete atzeratu dira. "Azken orduan izan dituzte arazoak", esan digu alkateak; "Andaluziako harrobitik ekarri beharreko materialarekin arazoak eduki dituzte, eta horrek atzerapena ekarri du. Dena den, azken asteotan buru-belarri ibili dira lanean".
Aretxabaletako plazak itxura berria du, aurrekoarekin alderatuta. "Plaza konpontzeko beharra genuen, eta egin dugu. Baina, orain, guztion artean zaindu behar dugu", esan digu alkateak.
Proiektua egiterako orduan irisgarritasunari lehentasuna eman zioten udal arduradunek. Hala, Durana kaletik igotzeko eskailera bakarra jarri dute  (lehen bi igoera zeuden), eta bi alboetan bost metroko bi arrapala jarri dituzte. Ondorioz, plaza berria, zabaleran lehengoa baino 10 metro txikiagoa izango da. Bestalde, eliza aurrera ematen duten arkupe inguruak begiratoki itxura du. Gainera, plaza eta arkupeak altuera berean jarri dituzte.

Merkatariak, haserre

Herriko Plazako merkatariak oso haserre daude lanekin. "Kalte handiak izan ditugu. Hiru astetan inkomunikatuta egon gara, eta bezeroek eta herritarrek ez dute plazarako sarbiderik izan", esan digu Maria Jesus argazki dendako nagusiak.
Iritzi berekoa zen Juan Fraile farmaziako Loli: "Oso gogorra izan da. Baina gure bezeroak bihotzez eskertu gura ditut, farmaziara sartzeko izan dituzten oztopoak izanda ere, etorri direlako".
Herriko Plazako zazpi merkatariei uraren eta zaborraren tasen erdia kobratuko diete 2009ko lehen hiruhilabeteetan, kalteak murrizteko. "Ez da nahiko. Galdu duguna asko gehiago da", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak