Azken 25-30 urteetako Aratusteetako argazkiak ikusgai daude Arkupen

Goiatz Arana Begiristain 2009ko ots. 10a, 11:13
Tolosako edo Donostiako Aratusteen inbidiarik ez dute Aretxabaletakoek. Ondorio horretara iristen da bat Arkupeko erakusketa aretotik pasa eta gero. Azken 10 bat urtetako Aratusteetako hainbat argazki zintzilikatu dituzte hango hormetatik eta, horiei begira, otsailaren 22an Aretxabaletara joateko gogoa etortzen zaio bati: argazkiek erakusten dute aretxabaletarrek badutela irudimena, mozorro dotoreak prestatzeko gaitasuna eta herrian giro aparta sortzeko ahalmena. Irudietan, ikusi ditugu antzinako ezkontza bat, maiukixak, piratak, guardia zibilak, italiar zirkoa, UDAko jokalariak Frantziako Iraultzan murgilduta...

Tradizio handia

Aretxabaletako Argazki Taldeko Jose Ramon Intxausperen esanetan, 90. hamarkadatik, herrian, Aratusteetarako ohitura handia egon da eta, azken hamarkadan, areagotu egin da desfile eta lehiaketekin. Hori dela eta, aretxabaletarren artean, bazegoen gogoa zerbait egiteko orain arte jasotako materialarekin, eta erakusketa hau izan da emaitza. Udal Artxibokoak dira argazki batzuk eta herritarrenak beste asko: "Euren laguntzagatik izan ez balitz, erakusketa ez litzateke aurrera aterako. Oso pozik gaude", esan digu Intxauspek. Gero eta gertuago dauden Aratusteetarako giroa berotzen laguntzen du erakusketak, eta baita aretxabaletarren eta Argazki Artxiboaren arteko harremana sendotzen ere.

'Ladrillos'

Baina, Aratusteei buruz hizketan hasita, Jose Ramon Intxauspek ez luke ahaztu gura Jesus Mari Errasti Ladrillos: "Aratusteetarako hainbeste joerarik ez zegoen garaietan ere, Errasti mozorrotu egiten zen. Izugarri gustatzen zitzaion, eta familiakoak ere animatzen zituen. Aitzindaria izan zen horretan".

Hilabete osoan zehar, zabalik

Erakusketa hilabete osoan zehar egongo da zabalik: aste barruan, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta zapatuetan, 11:00etatik 13:00etara. Baina Argazki Artxiboak, Udaleko Kultura sailaren laguntzarekin, ikus-entzunezko bat ere prestatu du: 35 minututan, 240 bat argazki erakusten dituen muntaia, hain zuzen. Azken 25-30 urteetako argazkiak dira, batzuk zuri-beltzean ateratakoak, gainera. Ikus-entzunezkoa bihar eta datorren martitzenean emango dute, kultura etxeko Zaraia aretoan, 19:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak