Azbe enpresaren berregituratzeak 40 langileri eragingo die

Txomin Madina Milikua 2007ko mar. 14a, 09:43
Azbe Aretxabaletako sarraila lantegian 40 langileri eragingo dien berregituratzea aurkeztu dute enpresako arduradunek. Harritu egin ditu erabaki honek langileak, izan ere, iaz inoiz baino emaitza ekonomiko hobeak lortu zituzten.

Duela bi urte 24 langileri eragin zien enpresa berregituraketaren ostean, urte honen hasieran bigarren berregituraketa bat planteatu zitzaien langileei, euretako 40ri eragingo diena.

Irabaziak

1999an Asa Abloy multinazional suediarrak erosi zuen Azbe, eta salmentei eta irabaziei begiratuz, Aretxabaletako lantegiak multinazional hartako gainerakoek baino emaitza hobeak lortu ditu: multinazionalean 30.000  langileek, 3.000 milioi euroko etekina lortu zuten, hau da, hamar langileko milioi bat euro. Azben, aldiz, 76 langilek 12 milioi euroko salmentak lortu zituzten, 10 langileko milioi t'erdi. Horregatik, enpresa batzordeak uste du atzean beste arrazoiren bat dagoela. Baina, argi utzi nahi izan dute, gainera, eureak ez daudela Azberen kontra, Suediako multinazionalaren kontra baizik.

Aretxabaletako udalarekin harremanetan jarri dira langileak, eta negoziazioak hasi arte itxarongo dutela esan diete. Enpresa batzordea bera hitz egiteko prest agertu da, baina ez edozein modutara.

Multinazionala negoziatzeko prest

Iñaki Garai Azbe Aretxabaletako lantegiko arduradunarekin harremanetan jarrita, esan digu ez dela egia 40 langile bota egingo dituztela, berregituraketak 40ri eragingo diela baizik. 2006an inoiz baino irabazi handiagoak lortu zituztela ere esan digu, baina berregituraketa enpresaren estrategia kontua dela azaldu du: seriean lan egin beharrean, lana espezializatu egin nahi omen dute. Multinazionalak enpresa batzorde eta sindikatuekin negoziatzeko nahia ere agertu digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak