Udaleko Hirigintza Saileko arduradunen esanetan hitzartutako epeak betetzen dabiltza Amaral enpresako langileak eta ondo bidean, azaroko azken asterako bukatuko dute –sei hilabeteko lanak–. Hala ere, beti izaten dela ezustekoren bat halako lanetan argitu digute: "Instalakuntza zaharrak eta hodi berriak bateratu behar dira askotan eta horrek arazoak sor ditzake".
Otalora kalearen itxura
Lanok bukatutakoan Otalora kalearen itxura hartuko du Mitartek. Hau da, zorua, farolak eta eserlekuak berdinak izango dira bietan. Gainera, maila berean geratuko da kalea, igo beharreko espaloi barik. Kalearen alde bat bestea baino altuago dago eta ondorioz malda izango du, baina oso leuna, %6 baino txikiagoa.
Lehen legez norabide bakarreko kalea izango da eta bi aldeetan oinezkoendako espaloi zabalak izango ditu –errepidearen maila berean–. Oinezkoendako pasabidearen eta autoendako bidearen artean granito harrizko zutabetxoak jarriko dituzte, Durana kalean dauden modukoak. Automobilei ez diete utziko aparkatzen, baina zamalanak egin ahal izango dira.