Azaroaren 2an aldatu zuten lekuz autobus geltokia Errekabarren kaletik Geltoki plazara. Hala, Aretxabaletako bi geltoki garrantzitsuenak parez pare geratu dira eta herritar askori zentzuzkoa iruditu zaie aldaketa; ez, ordea, guztiei. Bedarreta, Lausitta, Otalora… eta iparraldeko sarreratik gertu dauden kaleetako bizilagunek uste dute oso urruti dagoela orain geltoki hori: "Ia kilometro bat ibili behar dugu", diote.
Inaxio Garro alkateak izan du kexu horien berri eta jakinarazi gura izan du herri erditik arriskua kentzeko hartu zutela lekualdatzearen erabakia: "Astero 305 autobus pasatzen ziren herri erdi-erditik, horrek dakarren arriskuarekin".
Gainera, jakitera eman du Deba ibaiaren beste aldeko lanak bukatutakoan, hau da, Txarapea ibilbidea eginda dagoenean berriro aldaketa izan dezakeela geltokiak eta oraingoan luzerako: "Urtebete pasatxoan 600 etxebizitza egongo dira inguru horretan eta autobus geltokia beharko dute, hortaz, Lausitta kale inguruan edo Txarapean jartzea aztertu beharko dugu".
Autobidetik oraindik ez
Geltoki aldaketaren beste arrazoietako bat zen Pesa konpainiak jarritako baldintza bete gura izatea: geltokia herritik kanpo egotea Gasteizera doan autobusa autobidetik joateko. Baina lekualdaketa eginda egon arren Aretxabaletatik pasatzen diren autobusak oraindik ez dira joaten autobidetik. Eta hori salatu dute herritar batzuek.
Alkateak adierazi du konpromiso hori hartu zutela bi aldeek baina joan zen astean Pesako, Aldundiko eta Eskoriatzako eta Aretxabaletako udaletako ordezkariek egindako batzarrean bertan behera geratu zela kontua. "Ez genuen adostasunik lortu orduan. Baina hurrengo batzarrean aurrera pausoak ematea gurako nuke. Izan ere, aretxabaletarrok bete dugu eskatutakoa".