Autobidetik doazen autobusak ez dira pasatzen ez Aretxabaletatik, ezta Eskoriatzatik ere. Arrasateko geltoki nagusitik, Garibai kalean, atzera egin eta Arrasaten bertan hartzen dute autobidea. Tapiak oniritzia eman dio bi herrietako alkateek egindako eskaerari eta jakinarazi die apirilaren erditik aurrera –data zehaztu barik– bi herrietako bidaiariak hartu eta Eskoriatzan sartuko direla autobidean. Ordu guztietan doaz autobusak Gasteizera eta autobidekoak ordu bikoitietan pasatuko dira: 08:10; 10:10; 12:10; 14:10; 16:10; 18:10; eta 20:10.
Donostiara gehiago
Eskaera horrekin batera beste bi egin dizkio Inaxio Garrok Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuari: Donostiara joan-etorria egiten duten autobus gehiago pasatzea guretik, Arrasatera joan beharrik ez izateko; eta Otalora kalean –Santa Kurtz eta Bedarretatik gertu– beste geltoki bat egokitzea. Izan ere, Errekabarren kaleko geltokia kendu zutenetik herriko iparraldean bizi diren hainbat bizilagun kexu dira oso urrun gelditzen zaielako Azbe lantegi parekoa.
Azken bi eskaera horiek oraindik ez dute jaso oniritzirik, baina aztertu eta lehenbailehen erantzutekotan geratu dira Aldundiko ordezkariak.