Aurreskua eta txupinazioarekin eman diete hasiera Aretxabaletako Andramaixei

Hasi dira Aretxabaletako jaiak. 19:00etan eman diete hasiera ofiziala Andramaixei. Pregoia egin ostean Inaxio Garro alkateak bota du txupinazoa.

Ekitaldia aurreskuarekin hasi dute. Herriko hiru dantzarik aurreskua dantzatu diote Ikurrinari. Aretxabaletako alkate Inaxio Garro eta udalbatzako kideak bertan izan dira.


Alkatearen pregoia
Publiko dezente batu da ekitaldian, tartean “Atxabaltarren erabakia errespetatu” zioen pankarta erakutsi duten ezker abertzaleko kideak ere. Aurreskuaren ondotik, Aretxabaletako abesbatzak bi kantu eskaini ditu. Jarraian, udaletxeko balkoitik pregoia egin du Inaxio Garro alkateak. Aitortu du aspaldiko partez Aretxabaletan dela aurten Andramaixetarako eta pozten dela horretaz. "Ez da munduko jai egitaraurik borobilena izango, baina jakin ezazue ilusio handiz prestatutakoa dela", esan du. "Nahiko nuke jaiak Aretxabaletarrak eta kanpotik etorriko diren guztiak batzeko bidea izatea, ideologia ezberdinetako pertsonak batzeko bidea, alegia". Azkenik, euren borondatearen kontra Andramaixetan ez dauden atxabaltarrak izan ditu gogoan. Gaixorik daudenak eta presoak aipatu ditu.
Suziriari su eman dio orduan Garrok eta honek eztanda egin bezain laster serpentina ikuskizunaz gozatu dute bertaratutakoek. Buruhandiak ere ibili dira Aretxabaletako kaleetan barrena. Berriak gainera aurten, zazpi buruhandi berri.

Haur parkea eta Mus Txapelketa
Txupinazoa 19:00etan izan da, baina aurretik haur parkea eta Mus Txapelketa egin dituzte Aretxabaletan. Gustura ibili dira gaztetxoak. Gaztelu puzgarriak eta kart zirkuitua izan dituzte eskura. Jaietako ekintzarik gustukoenaren gainean galdetuta barrakak eta sokamuturra aipatu dituzte. Mus Txapelketa ere egin dute herriko plazan. 41 bikotek hartu dute parte aurten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.