Atxabaltarrek ez dute hutsik egin San Migel jaietako azokan

Txomin Madina Milikua 2008ko ira. 27a, 22:05
Durana kalean jarri duten Artisau Feriak eta XIV. Azoka Ekologikoak herritar ugari erakarri ditu. Artisau eta nekazariak gustura agertu dira, baina zertxobait gutxiago saldu dela onartu dute.

Iaz baino  hamar bat artisau postu gehiago jarri dituzte aurten, 39 denera; nekazari postuak aldiz 13 izan dira. Zeramika zein beirazko lanak, haurrendako ipuinak, bitxiak, kosmetika ekologikoa, etxean egindako txokolate eta bonboiak, zuzenean ortutik hartutako barazkiak... Ehundaka kolore, zapore eta itxura, denak ere Durana kalean zehar jarritako mahaietan ikusgarri.

Postuetako produktuak eta eskulanak ikusten eta dastatzen ibili diren atxabaltarrak ere asko eta asko izan dira, erosten, hori bai zertxobait gutxiago. Izan ere, horixe zen saltzaileen ahotik gehien entzuten zena: gehienak salmentekin gustura bazeuden ere, krisiarengatik-edo, aurreko urteetatik hona pixka bat jaitsi egin direla onartu dute askok.

Halakorik nabaritu ez dutenak Kurtzebarri eskolako lehenengo eta bigarren mailako ikasleak izan dira: urtero bezala, ikasturtean zehar euren baratzean landutako produktuak izan dituzte salgai, eta 12:30erako ez zen ezertxo ere geratzen.

Kaleko animazioa

Baina salmenta postuetaz gain, bestelakorik ere egon da kalean: herriko trikitilariak goizean goizetik ibili dira euren doinuekin giroa alaitzen, eta Gautegiz Arteagako Carmen Bollaren zeramika tailerra ere egon da jarrita, katiluak eskuz nola egiten diren erakusteko. Loramendi elkarteak antolatuta, zanpantzarrak ere ibili dira kalean gora eta behera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak