'Atxabaltan be Leidu' ekimena abian jarriko dute bigarrenez

Mirian Biteri 2009ko api. 20a, 13:42
Iazko moduan, aurten ere, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Atxabaltan be Leidu ekimena antolatu dute elkarlanean Leintz Udal euskaltegiak eta Loramendi Euskara Elkarteak.

Bihar, martitzena, herriko hainbat txokotan horren gaineko esku-orria jarriko dute, aretxabaletarrek har ditzaten. Horretan, zenbait herritarren ekarpenak daude, eurek gustuko duten euskarazko liburuen proposamena egiten. Atzean, berriz, Bergarako Elkar liburu dendak azken urtean gehien saldu diren euskarazko liburuen zerrenda ikus daiteke.

Guztira, hamaika izenburu eta horien egileen zerrenda dago horretan: John Boyneren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa; Jon Arretxeren Oinez Debagoiena; Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao; Toti Martinez de Lezearen Nur; Joseba Sarrionandiaren Munduko zazpi herrialdetako ipuinak; Joxerra Gartziaren Jendaurrean hizlari; Juan Izuzkizaren Paranoiaren hozberoa; Joseba Sarrionandiaren Gau ilunekoak; Jon Arretxeren Fatum; Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana; eta Joan Mari Irigoienen Bestea da mundua, hain zuzen. 

Lehiaketa

Horretaz gain, aurreko urtean bezala, lehiaketa gertatu dute Euskaltegikoek eta Loramendikoek. Bihar banatuko den esku-orrian bertan azaltzen den laukian herritarrek gustuko duten liburu baten gomendioa egin dezakete.

Gomendioa idatzitakoan, laukia moztu eta Loramendin edo Udal Euskaltegian aurkeztu beharko da. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Apirilaren 29ra arte izango dute gomendioak aurkezteko epea. Aurkezten diren guztien artean, Bergarako Elkar liburu dendan materiala erosteko 40 euroko balea zozketatuko da. Iaz Julia Cabezasek irabazi zuen esandako balea.

Loramendikoek eta Udal euskaltegikoek horretan parte hartzeko gonbita egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak