Astean aukeratuko du Basotxok presidente berria

Mirari Altube Arrese 2010eko martxoaren 15a

Batzar orokorra egin zuen Basotxo erretiratuen elkarteak hilaren 10ean, 50 bat bazkideren aurrean. Iazko diru kontuak eta ekintza plana onartu eta aurtengo gestio planaren berri izan zuten. Presidente berria zein izango den eguenean erabakiko dute.

Diru kontuei dagokienez larritzeko arrazoirik ez dagoela jakinarazi zuten, baina Udalak esandakoa baino diru gutxiago eman duela, 3.300 euro hain zuzen. Ekitaldi asko antolatu zituztela iaz gogorarazi zuten, berrikuntzen artean kantu txapelketa, eta pozik azaldu ziren egindakoekin. 


Bestalde, aurten abian jarri gura dituzten egitasmoen berri eman zuten, tartean honakoak: eztabaida taldeak, bazkideei eragiten dieten gaien gainean jarduteko; ekitaldi berrietarako taldeak, perretxikoen gainekoa, esaterako; karta eta mahai joko txapelketak; eta kantu taldea finkatzea, herrian ekitaldiak eskaintzeko.


Gainera, zuzendaritza batzordea berrituko dute egunotan; taldea utziko dute presidente den Imanol Arantzabalek eta Javier Sanzek. Eta sartuko diren kide berriak hauek dira: Jesus Osinaga, Markeliñe Mendieta eta Jabier Urtzelai. Ardurak banatzeko batzarra eguenean, hilak 18, egingo dute.

Bidaiarako oraindik lekua

Bestalde, gogorarazi dute apirilean Andaluziara egin gura duten  bidaiarako oraindik lekua dagoela. Dagoeneko 41 lagunek eman du izena eta beste hainbatendako dago lekua. Horretarako gaur eta bihar pasatu behar da Basotxoko bulegotik (11:00-12:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak