Asier Cuevas eta Rosi Talavera garaile Otala Zelaiko krosean

Edu Mendibil 2008ko mai. 19a, 00:08
Izen handiko irabazleak izan ditu gaur eguerdian jokatutako Otala Zelaiko krosak. Gizonezkoetan Asier Cuevas eibartarra nagusitu da eta emakumezkoetan Rosi Talavera hernaniar beteranoa. Partaideek 8,4 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute eta Cuevasek marka bikaina egin du: 27:09. Helmugan 3 segundoko aldea atera dio Yerai Varela oñatiarrari.

Emakumezkoen proban, hirugarren aldia zen Talaverak Otala Zelaiko proban parte hartzen zuena eta ez du areriorik izan; 4:48ko abantaila atera dio bigarren geratu den Totorika bizkaitarrari. Korrikalari petoa izaten jarraitzen du Talaverak, 47 urterekin.

 

Gizonezkoetan, esan bezala, Asier Cuevas eta Yerai Varela oñatiarra izan dira jaun eta jabe. Aise dominatu dute lasterketa eta biek elkarrekin egin zuten ibilbide osoa. Cuevasek oso indartsu dagoela erakutsi du eta zenbait unetan Varelaren zain erritmoa jaitsi du, biak batera joateko. Gauzak horrela, kirol legez, Varelak ez dio sprinta jo eibartarri azken metrotan. Tarte horretan makina bat sufritu dute partaideek. Bukaera gogorra du Otala Zelaiko krosak, aldapan gora. Krosaren 30. ekitaldia izan da aurtengoa.

Ibilbideko 8,4 km egiteko 59 lagun izan dira irteeran. 18 graduko tenperatura izan dute 11etan, korrikarako beroegia helmugan jasotako hainbat iritziren arabera. Sari banaketa ekitaldia nahasia gertatu dsa, antolatzaileek seniorrak eta beteranoak bereizi zituztelako. Horrela, kategoria absolutuan aurrean sailkatu arren, beteranoen mailako sariekin konformatu behar izan dira hainbat korrikalari, Marisol Ramos oñatiarra eta Marije Velasco arrasatearra tartean.

Gaztetxoak ere korrika

Gaztetxoen lasterketetan hauek izan dira irabazleak: benjamin mailan (400 metro), Daniel Martinez aretxabaletarra (9 urtekoen artean) eta Jon Ander Narbaiza arrasatearra (10 urtekoen artean). Nesketan, Garazi Larrea arrasatearrak irabazi du. Alebin mailako gaztetxoek, berriz, 800 metroko ibilbidea izan dute eta Julen Garai eta Maddi Garro aretxabaletarrak nagusitu dira. Infantiletan (1.200 m.), Janire Fernande de Olano gasteiztarra eta Beñat Etxabe bergararra.

Giro bikaina

Goizean goizetik giro bikaina izan da Otala Zelaiko eguna ospatzeko. Lasterketaren ostean jokoak, kanpai joleak, dantza, trikitilariak, baserri jokoak eta musika egon dira eta bukatzeko, iluntze aldera, dantzaldia. Herri bazkarian jende asko batu da eta eguraldi ona lagun asko izan dira Urkulura oinez igo direnak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak