Arrasateko saihesbideko lanengatik dago semaforoa herri sarreran

Mirari Altube Arrese 2009ko ots. 6a, 14:12
Aretxabaletatik Arrasatera doan GI-3920 errepidean semaforoa dago jarrita joan zen astetik, automobilei pasua emateko. Arrasateko saihesbidearen lanak egiten hasi direlako jarri dute semaforoa eta auto gidariek pazientzia beharko dute.

Garagartza auzotik bueltan egingo duten Arrasateko saihesbidearen lanak egiten dabiltza. Hain zuzen, GI-3920 errepide gainaldean beste bide bat zabaltzen dabiltza hondeatze-makinak erabilita; bide hori, saihesbide berriaren iparraldean geratuko diren lursailetara joateko izango da. Semaforoak zenbat denboran egon beharko duen ez dakite Udal arduradunek; hortaz, pazientzia eskatzen diete gidariei.

Errepidea garbitzen

Errepide estua da –orain estuagoa autobideko zubiaren euskarriak daudelako– eta gainera, ur asko pilatzen da euria egiten duenean. Hori horrela, auto gidariak kexu dira azken hilabeteotan eta Udalak behin eta berriro eskatu dio Aldundiko Errepide Sailari konponbideren bat emateko uraren kontuari.


Joan zen egubakoitzean hain zuzen ibili ziren hainbat langile errepide bazterrak txukuntzen eta uraren hodia garbitzen. Hodi horrek ura jasotzen du errepidearen alde batean–autobideko lanengatik pilatuta dauden lurretatik datorren ura– eta beste aldean dagoen ibaira eroaten du.  Baina sarritan ura hoditik pasatu beharrean errepide gainetik joaten da, eta hori arriskutsua da automobilendako putzu handiak sortzen direlako eta hotz eginez gero izotz zatiak sor daitezkeelako. Garbiketa lanak lehen ere egin zituzten, baina behin betiko konponbiderik ez diotela ematen arazoari diote Udaleko hirigintza saileko ordezkariek.


Aldundiak bere aldetik adierazi du kutxeta berria jarriko dutela errepidean urak xurgatu eta putzurik sor ez dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak