Arrasateko mugako biribilgunea maila bat gorago egitea proposatu du Udalak

Mirari Altube Arrese 2007ko urr. 19a, 11:49
Arrasatek eta Aretxabaletak bat egiten duten elkargunean, GI-627 saihesbideko sarreran, biribilgunea egiteko asmoa dauka Foru Aldundiak. Aretxabaletako Udalak proposatu dio bi mailatan egin dezala zirkulazioa hobeto bideratzeko.

Biribilgunea egitearen arrazoia da errepidea egingo dutela Garagartza auzotik aipatutako elkargunera, GI-2620 Arrasateko saihesbide berria izango da hain zuzen. Hala, Aramaio-Santa Ageda-Garagartza errepidea zuzenean lotuko dute Arrasate-Aretxabaleta saihesbidearekin, Arrasate erditik pasatu barik. Izan ere, Garagartzan dauden lantegi eta industrialdeetako langileen txanda aldaketek hainbat zirkulazio arazo sortzen ditu, eta uste dute errepide berri horrek arindu egingo duela autoen joan etorria. 


Bi mailako biribilgunea

Aldundiko Bide Azpiegiturak departamentuak egindako proiektua aztertu du Aretxabaletako Udalak, eta iradokizuna aurkeztea erabaki du. Proposatu dio biribilgunea bi mailatan egitea zirkulazioa hobeto bideratzeko. Hala, Garagartza-Bergara-Donostia ibilbidea egingo duten automobilek eta Garagartza-Eskoriatza-Gasteiz egingo dutenek goiko mailan egindako errepideari jarraituko liokete zuzenean saihesbidera; eta Arrasate eta Aretxabaleta arteko zirkulazioak eta tranbiak, gaur egun dagoen bidetik jarraituko lukete.
Aldundiak aurreikusi duen proiektuak aurrera eginez gero tranbiarendako pasua egin beharko litzatekeela biribilgunean adierazi digute Udaleko Hirigintza saileko arduradunek: "Eta semaforoak jarri beharko lituzkete".


Desjabetzeak egiten

Biribilgunearen proiektua eginda daukate Bide Azpiegiturak departamentuan, eta desjabetzeak egiten dabiltza orain. Horregatik inguru horretan lurrak dituen aretxabaletar batek ere alegazioa jarri dio proiektuari. Hirigintza saileko arduradunek uste dute urtea bukatu aurretik esleitu gurako dituela lanak Aldundiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak