Arkupe kudeatzeko lehiaketa hutsik uztea eta oinarriak aldatzea onartu du Udalak

Mirian Biteri 2008ko uzt. 9a, 11:13
Joan den eguenean egindako ez ohiko plenoan, Arkupe kultura etxeko kudeaketarako lehiaketa hutsik uztea eta oinarrietan hainbat aldaketa egitea onartu zuen Udalak. Aralarreko, EAJko eta EAko zinegotziek aldeko botoa eman zuten; Ezker-Batua-Berdeak tadekoak kontrakoa eta PSEko biak abstenitu egin ziren. Inaxio Garro alkateak gogorarazi zuen lehenengo lehiaketan Jaki elkartea izan zela proiektua aurkeztu zuen bakarra; baina, hainbat arazo medio, hutsik geratu zela esleipena. Hala, plegu berriak ateratzea erabaki zutela iragarri zuen.

Aldaketak zertan datzan azaldu zituzten plenoan. Balorazio irizpideak izan dira gehien aldatu dituztenak: jarduera egitarauari hamar puntu gutxiago ematea, esperientziak hamar puntutik hogei izatera pasatzea, metodologia eta funtzionatzeko erak zein giza baliabideak pisu berdina mantentzea eta Aretxabaletako ezagutza sozio-kulturalak bost puntu gutxiago izatea, besteak beste. Gainera, balorazio irizpide berria onartu dute, prezioari dagokionez.

Etekinak eta kostuak

Kultura etxeko jarduerek ematen dituzten etekinak eta kostuak ere esleipena irabazten duenaren kargu utziko dira. Aurreko pleguetan hori ez zen oso argi uzten eta beraz, hobeto zehaztu da.

Alderdiek euren zalantzak eta desadostasunak azaldu zituzten. Arritxu Olidenek (EAJ) esan zuen, esaterako, herriko ezagutza baloratzea "oso zaila" dela: "Objektiboa izateko, kanpoko norbait ekarri behar da. Irizpideak oso ondo markatu behar dira aurrez". Tomas Fernandezen (Ezker Batua-Berdeak) arabera, Udala izan behar da Arkupe zuzenean kudeatzen duena. "Enpresa batek ezin du herriko kultura kudeatu, dirua irabaztea baino ez du nahi eta", esan zuen. Gainerako taldeen erantzuna jaso zuten adierazpen horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak