Arkupe izena jarriko diote kulturarako eraikinari, eta enpresa batek kudeatuko du

Idoia Elexpuru aretxabaletarrak proposatutako izena aukeratu du Udalak: Arkupe. Eta lehiaketa bidez hautatuko dute eraikina kudeatuko duen enpresa; oinarriak otsailean onartu zituen eta deialdia astean argitaratu du.

Santa Kurtz kalea eta Herriko Plaza artean dagoen kulturarako eraikin berriaren lanak aurrera doaz. Inaugurazio datarik ez dute zehaztu, baina izena aukeratu diote: Arkupe. Lehiaketa deitu zuen Kultura Sailak izena hautatzeko, eta zazpi aurkeztu zituzten. Eskatutako baldintzak, baina, bostek betetzen zituzten; hona: Aterpe; Jakintza; Arkupe; Don Angel Garmendia Aranburu; eta Jesus Atxa. Eta epaimahaiak Arkupe aukeratu du. Idoia Elexpuru aretxabaletarra da hautatutako izena bota zuena, eta 200 euro jasoko ditu saritzat. "Plazako arkuen azpitik izango duelako sarreretako bat proposatu nuen Arkupe", azaldu digu.

400.000 euro kudeaketarako
Bestalde, Udalak erabaki zuen enpresa bat hartzea eraikina kudeatzeko. Otsailaren 25ean egindako osoko bilkuran onartu zituzten oinarriak Udal gobernuaren, EAJren eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin. Ezker Batua-Berdeak alderdiko zinegotzi Tomas Fernandez ez zen ados azaldu: "Enpresa bat hartzearen aurka gaude, azpikontratatzeak ez ditugulako gustuko. Gainera zer gertatuko da orain dauden langileekin: eskulanak, pintura…?". Udal gobernuko kideek erantzun zioten esperientzia duen enpresa baten aldeko apustua egin gura dutela, eta bi urte pasatu ostean baloratuko dutela merezi izan duen edo ez.  Funtzionario ez diren langileei dagokionean, "okerrenean ere orain dauden egoeran" geldituko direla erantzun zioten, eta "enpresarekin adostuta euren egoerak hobera egin dezakeela".

Lehiaketa bidez hautatuko dute enpresa, eta deialdia asteleheneko, martxoak 10, Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu zuten. Udalak 400.000 euro aurreikusi ditu kudeaketa lanak egiteko. Interesatutako enpresek udaletxeko idazkaritzan dituzte oinarriak, eta hilabeteko epea daukate proposamenak eta eskaerak aurkezteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.