Oraindik ere, Eibar-Gasteiz autobidearen lanek eragindako kalteak konpontzeko daude Aretxabaletan. Baina, Udalak hainbat puntutan ekin die lanei.
Zehazki esateko, Apotzaetxebarri eta Izurieta auzoetako guneetan hasi ditu berreskuratze lanak: Ametzagako bidea; Izurieta iparraldeko lanak; Apotzagaetxebarriko Salluente ermitara doan bidea eta ondoan egindako maldak; eta Egileor baserri osteko bidea dira konpontzen hasitako lekuak, Hirigintza Saileko arduradunek jakinarazi dutenez.
Berez, Bidegiren ardura da kalte horiek konpontzea baina Udalak eta Bidegik sinatutako akordio baten ondorioz, hainbat lekutan, Udalak dihardu esan moduan, horiek konpontzen.
Lanik garrantzitsuenak, baina, Bidegiren eskuetan daude. Batetik, Aretxabaletatik Aramaiora doan GI-3920 errepide zatia eta bestetik, Izurieta auzora doan GI-3132 errepidearen bide zorua.
Udaleko Hirigintza Saileko ordezkariek ez dakite Bidegik noiz hasiko dituen lanak. Esleituta daude eta itxura guztien arabera laster hasiko dituzte, izan ere, Izurietako bidea markatzen ibili dira.