Aretxabaletako etxe tasatuak, ibarrekoen eskura

Mireia Bikuña 2009ko apirilaren 30a

Apirilaren 2an egindako osoko bilkuran, Aretxabaletako Udalak eta etxe tasatuak eraikitzen diharduen Bruesa enpresakhirugarren zozketa egiteko hitzarmena berritu zuten. "2004ko abenduan egin zuten lehen zozketa, eta iazko uztailean, bigarrena. Orduan etxe guztiak esleitu zituzten; baina batzuk atzera egin dute. Horregatik egingo dugu zozketa berria", esan digu Udaleko idazkari Xabier Mendizabalek.

Etxe guztiak saltzeko asmoz hirugarren zozketako baldintzak aldatu egin dituzte, eta deialdia Aretxabaletatik kanpo bizi diren herritarrei zabalduko diete. "Aretxabaletarrek izango dute lehentasuna zozketan, baina herrikoen eskaerekin etxe guztiak saltzen ez baditugu, Debagoieneko edozein herritarrek eta ibarretik kanpo bizi direnek erosi ahal izango dute etxea", esan digu.

Lau talde

Deba ibaiaren beste aldean egiten diharduten etxeen zozketa ekain erdialdean egingo dute, eta lau talde egingo dituzte. Lehenengo taldean aretxabaletarrak sartuko dituzte; alegia, etxerik ez duten eta 22.000 eta 51.000 euro arteko diru sarrerak dituzten aretxabaletarrak. Bigarrenean, baldintza berberak betetzen dituzten Debagoieneko gainerako herrietako bizilagunak sartuko dituzte. Baina, derrigorrean, 2008ko abenduaren aurretik erroldatuta egon beharko dute.
Hirugarren taldean baldintzak bete eta edozein egunetan erroldatu diren debagoiendarrak sartuko dituzte; eta laugarrenean, gainerako guztiak sartuko dituzte, baita beste etxe bat dutenak ere.
Ekaineko zozketaren ondoren saltzen ez diren etxeak sustatzailearen esku geratuko dira.

Izenematea zabalik

Deba ibaiaren beste aldean egiten diharduten etxe tasatuak erosi nahi dituztenendako izenemate epea zabalik dute maiatzaren 29ra arte. Interesatuak Aretxabaletako Udaleko Hirigintza Departamentura joan daitezke informazioa eskatzeko, edo 943 71 18 62 telefonora dei dezakete. Besteak beste, NAren fotokopia, datu pertsonalak eta erroldako datuak eroan beharko dituzte. Gainera, lehen hiru taldeetako zozketan parte hartu gura dutenek aurreko urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko dute. Ekainaren erdialdean zozketa irekia egingo dute eta saldu barik dauden etxe tasatuak erosleen esku jarriko dituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak