Aretxabaletako Arkupe kultura etxe berria inauguratu dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko ekainaren 6a

Erabilera anitzeko aretoa da Arkupe eta ezaugarri hori nabarmendu gura izan dute gaurko ekitaldian. Dantzak, musikak, ikus-entzunezko batek eta antzerkiak osatu dute ekitaldia.

Zinta mozketa, aurreskua, agintarien hitzaldiak eta musika emanaldiak… denetarik izan du Arkupe kultura etxe berriko inaugurazio ekitaldiak. Lau solairuko eraikinean, bi hartuko ditu musika eskolak. Arkupen, gainera, udal liburutegia, erakusketa aretoa, dantza zein arte ederretarako aretoak eta udal artxiboa egongo dira.
        Inaxio Garro Aretxabaletako alkatea eta Maria Jesus Aranburu, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatua bat etorri dira. Eraikina eginda, benetako erronkari egin behar diote orain aurre; Arkupe kulturaz janztea. "Errazena egin dugu", adierazi du Garrok, "eraikina egin dugu. Orain dator benetako erronka; herritarrak erakarri eta eskuragarri beharko lukeen kultura etxea egitea adin guztietako atxabaltarrendako".
    Hiru milioi euro pasatxo inbertitu dira kultura etxe berrian. Aurrekontuaren %15a ipini du Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Herritarren parte hartzea bultzatzen duen kultura etxean egin behar duzue hemen", esan du Aldundiko kultura diputatu Maria Jesus Aranburuk. "Diputazioa prest dago aurrerantzean hemen burutuko dituzuen ekintzak egin ahal izateko bere laguntza emateko".

    Erabilera anitzeko aretoa da Arkupe eta ezaugarri hori nabarmendu gura izan dute gaurko ekitaldian. Dantzak, musikak, ikus-entzunezko batek eta antzerkiak osatu dute ekitaldia. Dolox kamarera profesionalak ipini dio umore puntua ekitaldiari. Gomendio bat eman die atxabaltarrei, kultura etxea erabiltzeko.

Hautetsi independentistak

Ekitaldian ez da Debagoieneko hautetsi independentistarik egon azaldu dutenez ordezkari beharko luketen Anjelek, Larraitzek, Iñakik eta Nereak gonbiterik jaso ez dutelako. "Espainiako Estatuaz gain, Aretxabaletako Udalak ere, aretxabaletarrek aukeratutako ordezkari legitimoak kanpo uzten dituztela erakusten dute; beraiek beren modura Alderdien Legea aplikatuz", salatu dute. Inaxio Garrok esan du, horren harira, gonbitak martitzen arratsaldean bidali zitzaiela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak