Aretxabaletako abesbatzak barikuan urteurrena ospatu zuen

Maider Arregi 2010eko martxoaren 21a

Dagoeneko 30 urte bete ditu Aretxabaletako abesbatzak. Hain zuzen ere, barikuan, hilaren 19an, bete zituen, lehen aldiz abestu zuela Jasokunde parrokian orain 30 urte. Hala, gonbidatu bereziak izan ziren parrokian abesten: Bilboko San Anton abesbatza ospetsua.


Aretxabaletako abesbatzak barikuan, 30 urte bete zituela eta, opari ederra egin zion Bilboko San Anton abesbatzak. Aretxabaletako Jasokunde parrokia beteta, emanaldi aparta eskaini zuten bilbotarrek. "Maila ikaragarria dute, eta jendearendako horrelako abesbatza bat entzutea ona dela uste dut", azaldu zigun Angel Barandiaran Aretxabaletako abesbatzako zuzendariak. Errepertorio zabala eskaini zuten, polifonia, folklore eta konpositore famatuen obrak abestuz. Hala, Clément konpositore handiaren Trois petites chansons abestiak eman zion hasiera kontzertuari. Bilboko abesbatzak erronkak atsegin ditu eta ondoren etorri ziren Haydnen, Mendelssohn edota Dvorák artisten obren txanda. Txalo zaparrada handienak, Randallen Alleluia borobilarekin etorri ziren. Zubizarretaren Ené qué risas hisemos abestiak ere umorez, giroa berotu zuen.

CDa eta DVDa egingo dituzte

Uztailean, Nemesio Otaño konpositore jesuitaren abestiekin osatutako diskoa kaleratuko du Aretxabaletako abesbatzak. DVD bat ere kaleratuko dute 30 urtetan jasotako irudiekin. Asmoa da, abesbatzaren historia oparoa batzea erreportaje zabal batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak