Areantzako bidegurutzetik Goroeta auzoraino doan bidegorria gertu

Mirari Altube Arrese 2010ko ira. 3a, 12:19
Bukatu dute Urkulu urtegiaren bueltan egin gura duten bidegorri berriaren hirugarren zatia. Areantza auzoko bidegurutzetik Goroeta auzoraino doan zatia da eta ezintasunak dituztenendako –oinez ibiltzeko zein ikusteko– egokitua dago. Aulkiak eta argibide panelak jarritakoan erabiltzaileendako gertu egongo da.

Urkulu inguruan bidegorria egitearen arrazoi nagusia oinezkoak errepidetik ateratzea da. Izan ere, Areantza eta Goroeta auzoetako bizilagunak autoarekin pasatu behar dira urtegi inguruko bidetik, oinezkoak ibiltzen diren bide horretatik: "Aste bukaeretan batez ere jende asko egoten da Urkulun eta auzotarrak kexa ziren zailtasunak izaten dituztelako autoarekin pasatzeko. Horri irtenbidea eman gura izan diogu", azaldu du Joxe Anjel Antxia Ingurumen zinegotziak.

Hiru zati izango ditu bidegorri horrek: Aozaratza auzotik urtegi sarreraraino; sarrera horretatik Areantzako bidegurutzeraino; eta bidegurutze horretatik Goroeta auzoraino. Ezintasunak dituztenendako egokitua egongo da eta bigarren zatia ere aurten egitea da asmoa.

Egokitutako bidea

Bukatuta dagoen bidegorria urtegiari zati bat kenduta egin dute eta 513 metro luze ditu. Zati nagusia 364 metrokoa da eta lau metroko zabaleraduna. Komunetara igotzeko hiru metro zabal dituen arrapala bikoitza egin dute, gurpildun aulkian doazenak ondo igotzeko eta bideak gehienez %8ko aldapa du. Mikroaglomeratuzkoa lurzorua da eta gorri ilun kolorekoa. Bi baranda jarri dute bide guztian: bata itsuendako gidalagun eta bestea gurpildun aulkian dabiltzanendako. Gainera, itsuen bastoiari lagun egiteko beste gida bat jarri dute baranden azpian.

Bide horretan hainbat aulki jarriko dituzte eta mahairen bat ere egon daiteke. Egunotan erabakiko dute horiek non jarri. Argibide panelak ere egongo dira, Urkuluko landaretzaren eta hegaztien berri ematen duten panelak. Horiek ere itsuendako egokituak daude.
Lanok 243.000 euroko aurrekontua izan dute eta Sasoi Eraikuntzak enpresako langileek egin dituzte. Aldundiaren eskutik hainbat dirulaguntza jaso ditu Udalak lan horiendako.

Bigarren zatia ere aurten

Udal arduradunek ez dute erabaki oraindik noiz zabalduko duten bidegorria, seguru asko aulkiak eta panelak jarritakoan. Gainera, oraingoz ez dute egingo ekitaldi ofizialik: "Bigarren zatiko lanak egindakoan inauguratzea bi zatiok egokiagoa da", argitu du Inaxio Garro alkateak.

Udalaren asmoa da aurten bertan egitea bigarren zatiko lanok, hau da, urtegiko sarrerako bidegurutzetik Areantzako bidegurutzera artekoak. Proiektua Aldundira bidalita daukate eta onartuz gero autoendako bideari zati bat kendu eta urtegiari beste zati bat kenduta egingo dute bidea, urtegi aldetik hain zuzen. 355 metro izango ditu horrek eta Urkuluri buelta ematen dion bidegorriarekin lotuko dute.

Lehen zatiko lanek, ostera, ez dute datarik. Aozaratza auzotik urtegiko bidegurutzeraino joango den bidea egiteko jabetza pribatuko lur batzuk behar ditu Udalak eta ez dago ezer adostuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak