Aratuste Jaialdia egingo dute bihar, musika eskolako kideek

Mirari Altube Arrese 2010ko ots. 11a, 11:57
Leizarra musika eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek Aratusteei ongietorria emango dien ospakizuna egingo dute bihar, otsailak 12 (18:30-20:00). Horretarako, baina, eguraldia lagun behar dute, euri edo elur zaparrada izanez gero bertan behera geratuko delako ekitaldia.

Dantzari talde batek kuartel zaharretik irtengo du trikitilariak lagun dituela eta beste talde bat Iralabarri plazatik etorriko da txistulariekin (18:30). Herriko Plazan elkartuko dira guztiak eta bertan izango dute zain musika eskolako gaztetxoen banda (18:45). Aratuste jaiak ardatz hartuta dantzak, kantuak eta musika tartekatuko dituzte eta parte-hartzaile guztiak txatxo mozorrotuta egongo dira –Lantzeko Inauterietako pertsonaia, kolore biziko txapela eta arropak daroana–. Ekitaldia behar bezala ikusteko gurasoen laguntza izango dute eta asmoa da korru handi bat egitea plazan, zuziak eta kriseiluak eskuan dituztela.

200 neska-mutiko

Lehenengoz antolatu du musika eskolak Aratuste Jaialdia. Mariatxen Urkia zuzendariaren esanetan arrazoia da ikasturtean zehar beste ekitaldi bat egitea ikasleekin  –Gabonetan eta ekainean egiten duten legez–, eta era berean, herria girotzea Aratusteei begira. Guztira 200 bat neska-mutikok jardungo dute jaialdian eta hainbat entsegu egin dituzte azken asteotan. Hori guztiori herritarrei erakusteko eguraldiaren laguntza behar dute orain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak