Aurreko agintaldian EAJko zinegotzi izandako Iñaki Saez-Azkunaga zinegotziaren semea gogoan izanda hasi zuen osoko bilkura Inaxio Garro alkateak; istripu larria izan zuen-eta lau urteko mutikoak. Ondoren, azken hilabeteko nondik norakoak azaldu zituen. Aipatu zuen EAE, Aralar eta EAk osatutako gobernua zela egokiena ulertzeko borondatea azaldu zutelako eta elkarbizitzarako hitzarmena sinatu hirurek. Lege barruan eta gizarte erantzukizunez jokatzeko konpromisoa hartu zutela gogorarazi zuen, eta Loreg legea aplikatzeko borondatea badutela, baina ez itsu-itsuan. Horregatik kontsultak egin dituztela arriskuen berri izateko eta kalterik jasango ez dutela ziurtatzen duen nahikoa berme ez dutela jaso argitu zien gainerakoei. Hori horrela, oraingoz alde batera uztea erabaki dute. Gobernu batzordea bi alderdik osatu arren epe laburrean hirugarrena ikusiko gurako lukeela barruan esanaz bukatu zuen. Alkateordeak zeintzuk izango diren argitu zuen: lehena, EAko Lore Martinez eta bigarrena, Aralarko Joxe Anjel Antxia.
Ondoren gainerako alderdietako ordezkariei eman zien berba, eta EAJko Arritxuk izan ezik guztiek egin zuten berba. EAko Lore Martinezek esan zuen 16 aldiz elkartu direla hilabetean, eta penaz hartu dutela EAEren erabakia. Hala ere, gizarte erantzukizuna dutenez aurrera egingo dutela, ilusio handiarekin.
EAEko zerrendaburu Anjel Bergaretxek sinatutako hitzarmenaren ostean egindako lana azpimarratu zuen, baina pauso garbirik ez dutela ikusi aurrera egiteko, gaineratu. EAEko kideak Udalean egon daitezen badaudela moduak argitu zuen, eta Aralarrek halaxe esan zuela Loreg legea aplikatzeko borondatea azaltzerakoan. Lanerako gogoz daudela aipatu zuen, baina eskubide barik eta horregatik erabaki dutela Gobernuan ez sartzea.
PSE-EEko Ainhoa Sagarribaik EAEko kideei erantzun gura izan zien eta esan, legea errespetatu egin behar dela. Lau urterako hitzarmena sinatu eta hilabetean apurtzea erabaki badute inori ez eskatzeko ardurarik eurek egindakoagatik.
Eta Ezker Batua-Zutikeko kide Tomas Fernandezek eskatu zuen batzorde partehartzaileak osatzeko, herritarrek parte har dezaten.
Lau batzorde informatibo
Lau batzorde informatibo egin dituztela azaldu zuen alkateak: Garapen Iraunkorra; Biziberritzea; Bizi Kalitatea; eta Ogasuna eta Zerbitzuak. Lehenengo bien ardura Lore Martinezek izango du eta beste biena Joxe Anjel Antxiak.
Eta beste hamar kontseilu sektorial osatzea onartu zuten, hau da, edozein herritarrek parte hartzeko batzordeak:
- Hirigintza, etxebizitzak eta garraioa: Inaxio Garro
- Berrikuntza eta garapen ekonomikoa: Edorta Mendieta
- Kultura, Informazioaren teknolojiak eta Hezkuntza: Lore Martinez
- Euskara: Inaxio Garro
- Aisialdia eta Kirolak: Araceli Herran
- Ingurumena: Joxe Anjel Antxia
- Merkataritza eta turismoa: Lore Martinez
- Ogasuna: Inaxio Garro
- Ongizatea: Araceli Herran
- Obra eta Zerbitzuak: Joxe Anjel Antxia
Beste erakunde batzuetara joango diren izendapenak ere onartu zituzten:
- Debagoieneko mankomunitatea: Inaxio Garro eta Lore Martinez
- Suradesa: Inaxio Garro
- Osasun kontseilua: Ainhoa Sagarribai eta Angel Sagarribai
- Eskola kontseilua: Lore Martinez
- Leizarra Musika Eskola: Lore Martinez
- Industrialdea: Inaxio Garro (lehendakaria) eta Edorta Mendieta (kontseilaria)
- Aretxabaleta Kirol Elkartea: Araceli Herran
- Urats-Gain zaharren egoitza: Inaxio Garro (lehendakaria) eta bokalak: Lore Martinez, Arritxu Oliden, Ainhoa Sagarribai eta Tomas Fernandez
- Eudel: Inaxio Garro
- Gipuzkoako Ur patzuergoa: Arritxu Oliden
- Goiena: Inaxio Garro
- Deba Garaiko Goi Mendiko Nekazaritza elkartea eta komitea: Lore Martinez
- Jakion: Arritxu Oliden
Alkatearen lan jarduna
Alkatearen lan jarduna finkatuta geratu zen. Aurreko enpresan zuen soldata mantentzea proposatu zuen, urtean 49.982 euroko ordainsari gordina, eta aho batez onartu zuten guztiek. Bigarren zinegotzi bat Udalean lanean egotea aztertu gura dutela esan zuen, gainera.