Aspaldiko urteetan ez bezala herrian ospatu behar izan zuten atzo Otala Zelai eguna. Astean egindako euriaren ondorioz zelaia busti-busti eginda zegoen eta antolatzaileek erabaki zuten ekitaldiak herrian egitea. Zelai inguruan lasterketak bakarrik egin zituzten, lehenengo gaztetxoenak eta gero helduen krosa.
"Ez da bera Aozaratzako zelaian ospatu edo herrian" zioten herritarrek baina eguraldiak behartuta hartu zuten erabakia Kultura Saileko arduradunek. Hala ere, ekitaldi gehienak egin zituzten: Gorritiren animaliekin jolas; sagardoa dastatu trikitilari eta bertsolariak lagun hartuta; dantzaldia Txinparta taldearekin; eta Leizarra taldeko neska-mutikoen dantza saioak. Guztietan pilatu zen jendea, batez ere animaliekin jolas egiteko eta herriko ume eta gaztetxoen dantza saioak ikusteko.
Bertan behera geratu zen bakarra paella lehiaketa izan zen. Antolatzaileek jakinarazi dute aurrez izena emanda zuten guztiei dirua itzuliko dietela; horretarako pasa daitezela Arkupe kultura etxetik.