Aozaratza eta Goroeta arteko bidegorria egiteko lehiaketa deitu du Udalak

Mirari Altube Arrese 2010ko mar. 31a, 14:50
Urkulu urtegi inguruan egin gura duten bidegorriaren hirugarren zatiaren lanak egiteko lehiaketa deia egin du Udalak egunotan. Aozaratza auzotik –Areantzako bidegurutzearen paretik– Goroetarainoko zatia izango da.

Lan horien aurrekontua 363.717 eurokoa da –Aldundiaren dirulaguntza jasoko du–. Lanak egiteko interesa duten enpresek apirilaren 19a arte dute epea eskaintzak aurkezteko.

Orain dagoen bidearen albotik joango da, zelaitik hain zuzen, Areantzako bidegurutze inguruan hasi eta komunen atzetik Goroeta auzoraino. Bidegorri itxura izango du, hau da, lur gorrixka, eta oinezkoendako izango da. Gainera, irisgarritasun arazorik ez izateko egokituko dute eta itsuendako eta gurpildun aulkian dabiltzanendako egokia izango da; Braille hizkuntzan idatzitako seinaleak eta baranda jarriko dituzte bidean. Lanok bi hilabetean egingo dituzte, hortaz, uda sasoirako gertu egongo da.

Errepideari bi metro kendu

Urkulu inguru guztia biziberritu eta suspertzeko abian jarritako planaren barruan dago bidegorria. Hainbat fasetan egingo dituzte lan horiek: lehen zatia, Aozaratzatik urtegirainokoa; bigarren zatia, urtegiko bidegurutzetik Areantzako bidegurutzeraino; eta hirugarrena, laster hasiko dutena, Goroeta auzoraino. Lehen zatia egiteko Aozaratzako lurren jabeekin adostasuna lortu behar du Udalak eta bigarren zatirako, Aldundiko Errepide Sailarekin. Izan ere, urtegi inguruko bidearen lehen zati horri 2 metro kentzeko asmoa dute bidegorria egiteko. Tarte horretan, 7 metro inguru ditu bideak eta autoendako 5 metrora murriztuko dute. Bidegorria oinezkoendako bakarrik izango da. Bigarren zatiko lan horiek ere aurten egingo dituztela uste dute Udal agintariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak